Peru Abarrategi
Peru Abarrategi

2024-05-08

Berriz zapalduko dut bertso eskola

Ez dakit bertsolari guztioi gertatzen zaigun edo ez, niri gertatzen zait. Amaitu zen abestea tokatu zitzaidan txapelketa eta nik oporrak nahi nituen, lanean hilabeteak eta hilabeteak jarraian egiten dituenak bezala, oporrak nahi nituen. Eskertzen dut horrelakoetan lagun talde ez oso bertsozalea izatea, ez dut urrutiegi joan beharrik bertsolaritza mundutik ihes egiteko, Aramaion bertan egin dezaket reset delakoa betiko lagunen artean. Baina bueno, garrantzitsuena, aste honetan berriz ere zapaldu dut bertso eskola.

Berriz zapalduko dut bertso eskola –

Berriz zapalduko dut bertso eskola
Aramaioko bertso eskola, 2013. Arg: Goiena

Asteazken arratsalde askotan egin bezala, igogailuan sartu eta laugarren pisutik kalerako bidea egin nuen minutu erdi inguruan. Behin kalean, aurikularrak jantzi eta musika entzuten joan nintzen kultur etxera, badakizue, ongi kantatzeko mentalizatuta joan beharra dago, beraz, aurikularrak belarrietan boxeolariek egin ohi duten sarrera txundigarria egin nuen berriz ere bertso eskolan.

Gogotsu nindoan bertso eskolara asteazken honetan, edo ez, baina banindoan aspaldiko partez. Bost lagun elkartu ginen, lau bertsotan egiteko asmoz eta bostgarrena gai jartzaile gisan plazara irten aurreko azken entrenamendua egitera. Motiboa edozein izanda ere, ze ederra den niretzat behintzat bertso eskolara gai jartzaileak etortzea, are gehiago gaiak prestatuta dauzkatela aldez aurretik baldin badakit. Horrela ez denean, gehiegi sufritzen dut nire bertsokideentzako gaiak asmatzen eta normalean sekula ez zaizkie abesteko modukoak iruditzen.

Kantuan hasi aurretik beti bezala aritu ginen kontu kontari. Lau bertsolari ginen eta horietako batek urduri xamar zebilela aitortu zigun, Gipuzkoako txapelketako kanporaketa gainean zeukala eta entrenamendu txukuna egin beharra zuela esan zigun, bertara konfiantzaz lepo iristeko. Hori entzun eta bigarren bat ere batu zen solasaldira, berak ere saio garrantzitsu bat gertu samar zeukala aitortuz, Hernandorena gazte sariketako finala zehazki. Lau ginen eta lehenengo biek beraien agenda potoloa errepasatu ostean, hirugarrena ere ez zen atzean geratu, berak ere entrenatu beharra zeukala bota zuen, bi asteburu barru Irurtzunen Aixita sariketan maila txukuna emateko. Guztien helburu eta agendak zehazki aztertu ostean, nik aitortuko dizuet laugarren bertsolaria ni nintzela.

Zortziko nagusiarekin hasi genuen bertso eskola eta entrenamendu beharra zeukatenez, beraiei abesten utzi eta gustura entzun nituen nire eserlekutik, horrela joan ziren zortziko nagusian egin genituen bi ofizioak. Zortziko txikira pasa ginenean ez dakit zein izan zen jarri nuen aitzakia baina orduan ere ez zitzaidan abestea egokitu. Puntuak erantzuteko pereza pixkat agian eta bakarka, beno, bakarka egitea burutik pasatu ere ez zitzaidan egin. Ba hori, izenburuan esan dizuedan bezala, aste honetan berriz zapaldu dut bertso eskola.

Konturatu naiz gustura nagoela oporretan, uste dut epe laburrean bertsolarien taxista eta maite ditudanen hooligana izango naizela eta ez dizuet gezurrik esango, asko pozten nau hori horrela dela jakiteak. Bertso eskola kideek nahi dutenean lagunduko diet kantuan, nahi dutenean lagunduko diet autoan eta nahi dutenean molestatuko ditut garrantzi gabeko kontuekin. Hauek abesten duten plazetan ikusiko dugu elkar!

Berriz zapalduko dut bertso eskola