2017-09-12
Berriako Udako serieak vs. eguneroko Diario Vasco
Berriako Udako serieak vs. eguneroko Diario Vasco –
Gustura asko eta esker onez irakurri ditut Berriak opor sasoian argitaratu dituen “Udako serieak”. Mamitsuak eta interesgarriak izan dira, bereziki fokoa egunerokoan ikusten ez ditugun hainbat arlotan zeukatelako jarrita: politikari ohiak, gizartea bi taldetan polarizatzen duten ezaugarriak, familien migrazio prozesuak, euskararen bilakaera soziolinguistikoa, Euskal Herriko hiriburuak… Eta beste hainbat gai jorratu nahi izan dituzte, udako patxadan edo, irakurleon buruei bazka eta barruei astinalditxoak eskainiz.
Opor sasoirako idatziak, oporretako gorputzaldiz eta opor-gune batean, kanpinean, irakurri ditut. Eta harritu behar ez nindukeen arren, ez baita nobedadea gure herrian zain egunkari den publiko zabalaren bazka, harrituta begiratzen nuen egunero neure ingurura, jendeak nola bilatzen zuen tabernan Diario Vascoren konpainia, hasi gosari orduetatik eta eguneko azken tragoxkara arte. DVk bazuen beti irakurleren bat eskura, bere arinkeri, morbo, probokazio eta abarrak patxadaz barneratzeko prest.
Eta jartzen nintzen pentsatzen, bertso-saioetako entzuleek zein egunkari irakurtzen ote duten, zertatik elikatzen ote diren guk gure pentsamenduaren, gure sentimenduen, gure kontraesanen biluztea kantatzen dugunean txalo jotzen diguten horiek. Eta entzuleen irakurketa-joeren benetako kalkuluak egin baino, nahiago izaten nuen pentsatu, bertso saio bakoitza, bere xumean, oasi bat dela, Diario Vasco irakurtzen duen norbait, une labur batez bada ere, nolabait, Berriako irakurle bihurtzen duena. Horrexek, eta horrexek bakarrik kontsolatzen zizkidan tabernako sartu-irtenak.