Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-12-26

Bereziki

Bereziki –

Izaten dira egunerokoa bereziki ondo egiteko beharra sentitzen dugun egunak (edo sentiarazten digutenak). Etengabe ahalegindu garen hori bereziki zaindua, bereziki aurkeztua, bereziki eder, eskaini nahi dugunak. Denbora eskaintzen diogu planifikazioari, irudikatzeari, genero aproposa hautatzen dugu aurrez, buruan behin eta berriz errepikatu prestaketa eta osagarrien zerrendak … Eta heltzen da eguna, biltzen da jendea eskaintzeko prest duzun hori jasotzeko gosez, eta sentitzen duzu ez zaizula bereziki ona atera.

Gabonetako otorduez ari naiz, noski.

Prestatu duzu inoizko mahai buelta oparoena, gonbidatu duzu (demagun) Euskal Herri osoa bertara eta guztia aparta izan dadin nahi duzu. Normala da. Baina horrelakoetan, patxada ez da alde izaten eta kosta egiten da ohikoan normaltzat dituzun gauzak betiko erraztasunez egitea, edo detaileak zaintzera ezin iritsi zabiltza, gehien axola zaizkizun unean. Eta horrelakoetan izaten da, aspalditik hutsean ontziratuta zenituen zizka-mizkak ez direla guztiengana iritsi, edo entsalada ez duzula ohi bezain orekatuta gozatu, edo arkumea apur bat lehortu ote zaizun azken minutuan. Aukeratu zenuen ardoari ere, gustukoenari, ez diozu beti bezain zapore ona hartzen.

Eta zu mahaiaren ertz batean zutik, kezka horiek mamurtzen, jendea aho betean jaten eta ospatzen ikusten duzun bitartean. Jendea pozik dagoelako, gustura ari delako, ez delako ohartu detaile txiki horiekin. Eta horretarako dagoelako ardoa, besteak beste. Ospakizun egun bat da, elkartzekoa, eta bazkaltzera datozen arren ez datoz bereziki arreta horri emanda.

Gonbidatuak joan ahala, elkarrizketa behartu xamarrak sortuko dira, besarkadak besarkada, oraindik izan zitekeenari bueltaka ari zaitezkeelako. Eta digestio luzea dute otordu batzuek. Jendea, ordea, pozik doa, aseta, gozatua hartuta. Hori ikustera heltzeko bidea egin beharko duzu.

Zure urguiluaren puskak bildu eta ohera sartzean, ontzi garbigailuak ez dizu lo hartzen utziko, bueltaka entzungo dituzu plateretan geratu diren orbanak eta falta izan zaien distira. Eta egunak argitzean, jabetuko zara orduan hasten dela onena, hainbeste zaindu eta mimatutako genero hori guztia etxean daukazulako, eta lasaitasunean, beste zapore bat hartuko diezulako aurrez ondutako elikagaiei.

Ez dakit zuei, baina niri otordu arranditsuak baino gozagarriago zaizkit soberako pusken mokaduak. Patxada izaten da gozamenerako aurrebaldintza batzuetan. Eta ze ondo, orain gonbidatu talde txikietan elkarrekin denboratan ondutako horiek eskaintzeko elkartu ahal izatea, gose geratu garenok. Bereziki onak izaten dira horiek.

Gabonetako otorduez ari naiz, noski. Edo ez.

Bereziki

Bereziki