Irantzu Idoate
Irantzu Idoate

2022-10-14

Berandu, baina azkenean

 

Doinua: Haizea dator ifarraldetik! 

Berandu, baina azkenean –

 

Huts minbera bat hedatua zen

gure herrian barrena

Zer dira hogei ta hamabi urte?

Zer bizi baten herena?

Abenduaren hogei ta hamaika,

urtarrilaren lehena…

Urterik urte sartzen joan da

mendekuaren eztena

Dudatzen ere hasiak ginen

ea jinen zen azkena

Baina aurten bai, kolore argiz

altxatu da udazkena

 

Urteak dira hilabeteak,

egun argi ta gau beltzak

Urteak dira eguneroko

ta noizbehinkako sorpresak

Baina urteak izan daitezke

etengabeko ezetzak

Urteak izan daitezke beti

ukatzen diren ametsak

Hogei ta hamabi ze_izango diren

gutako bakoitzarentzat…

Denborak ere ez dauka eta

pizu berdina denentzat

 

Beti okertuz zihoalako

egunen biharamuna

Lau haizetara zabaldu zuten

kausaren larritasuna…

Eta herri bat, herri oso bat,

Ipartzat elkartasuna

Pausu bakoitzak lekarkeenaz

sinesdun ta jakituna

Hala izan zen, ororen buru,

ho(ge)i ta hiruko eguna

Estatuaren blokeoari

Zor zitzaion erantzuna

 

 « Ion eta Jakes gurekin, orain! »

pankartaren arabera

Ohitu ginen argazkitako

izenak oihukatzera

Suprefektura, aireportua,

trenbidea blokatzera

Entzun zezaten, baliatuaz

beste edozein aukera

Baina borrokak merezi_izan du,

ta garaipena hauxe da:

Ez nahi bezain goiz, pixkat berandu,

baina badatoz etxera!

 

Ta orbainaren eramailea

izan bada senidea

Nire zauria zurea bada,

eta zurea nirea

Euskal Herri bat nahi badugu

elkartu eta librea

Herri_indarra da borrokarako

dugun baliabidea

Elkartze hori izan dadila

geroko adibidea

Oraindik bide gelditzen bada,

izan gaitezen bidea!

 

 

Berandu, baina azkenean

Berandu, baina azkenean