2021-05-12
Bengabuenoba
Bengabuenoba –
Beti uste izan dut haurrak direla mundu honetan kriterio pixka bat daukaten pertsona bakarrak, baina ez nago ziur zein unetan hasten diren kriterioa galtzen. Haurrek, oro har, beti daukate erantzun zuzen eta argi bat. Haurrak badaki zer nahi duen eta badaki bere burua defendatzen eta horregatik, badaezpada, labur bezain ziur “Ez” esaten du. Hitz egiten hasi aurretik ere, inork jango ez lukeen purea ahoratzen ari zatzaizkionean eta purea purrustaka aurpegira botatzen dizunean, “Ez” esaten ari zaizu.
Haurrak “Bai” esateko, motibazio handia behar du edo engainatu egin duzue. “Gurasoak asko maite dituzu?” bezalako galderei zer erantzungo die ba, aurrean bere laukoitza den munstro bat galdezka ikusten duenean? Haurrek kriterioa dute, baina ez dira tontoak. Hala ere, beti egongo da “Ez” erantzungo duen haur errebelderik, eta gurasoari barre txiki bat aterako zaio barrutik har batek jaten dion bitartean.
“Ez” bat beti da argia, “Bai” batek dudak sortzen ditu. “Lemoiz ez”, “Otan ez”, “Itoitzen urtegirik ez”, “Errepresiorik ez”, “AHTrik ez”, “Eraso sexistarik ez”… zenbat lelotan errepikatu dudan “Ez” baina eguneroko bizitzan zein gutxitan ausartu naizen esatera!
Bertsotan hasi nintzenean ere, noizbait “Ez” esan nahi izan nuen baina “Bai” esaten bukatzen ziren elkarrizketak. Aitortu behar dut bertsoak eraman ninduela “Bai” esatera, hain zen handia kanturako geneukan motibazioa edozein proposameni “Ez” esatea burutik ere ez zitzaigula pasatzen. Urteek aurrera egin ahala, nekea ere sumatu izan dut eta esango nuke ez naizela hori gertatzen zaion bertsolari bakarra. Gutxitan damutu naiz beti “Bai” esateaz, baina bai, damutu izan naiz “Ez” ez esateaz ere. Adibidez, enkargu bat jasotzen dudanean.
Duela gutxi, Bertsolari Aldizkaritik hilabetero zutabe bat idazteko enkargua jaso dut. Lasai nengoen, “Ez” esaten ikasteko terapian hasita jada. Aldizkariko arduradunari hiru eguneko epea eskatu nion pentsatzeko, nire “Ez” hori arrazoitzeko. Hirugarren egunera deitu zidanean, telefonoaren bestaldean prest neukan ahots sendoa mehetuz joan zitzaidan eta “Bengabuenoba” erantzun nion. Orain hor nago ez “Bai” eta ez “Ez”, “Bengabuenoba”ren eremuetan galdurik. Badakit hau bertsolari aldizkaria dela baina nola kriterio gabeko pertsona bilakatu naizen, datorren hilabetean Enkarterriko Villano txakurrei eta basurdeei buruz hitz egingo dizuet. Benga bueno ba…