Felix Zubia
Felix Zubia

2021-06-15

Bemeuveduna

 

Doinua: asteburu aldera

 

 

 

Gogoan dut laneko

Lehenengo eguna (bis),

Tornuaren aurreko

Lanaldi astuna.

Guzti hau zertarako?

Hara erantzuna,

Lehen soldatarekin,

Pentsatu laguna,

Azkar bihurtu nintzen

Bemeuveduna (bis).

 

Kotxeak nola izan

Itxura normala (bis),

Beltzez margotu nuen

Behar den bezala.

Ispilu koloretan

Estali kristala,

Inork begiratzean

Kanpotik, aibala,

Begitan inbidia

Ikusi dezala (bis).

 

Zabal jarri dizkiot

Gurpil eta llanta (bis),

Bidean izateko

Behar duen planta,

Iheseko tututik

Tarrapatapata,

Biribilguneetan

Zapaltzean hanka,

Denek soma dezaten

Burrunba galanta (bis).

 

Gabiria, Jaizkibel,

Urrakitik Gorla (bis),

Ralliak ezin dira

Baztertu inola.

Gasolinaz betetzen

Baitugu odola,

Euritan, lehorrean,

Ez zaigu axola,

Errebueltak jatea

Da gure eskola (bis).

 

Bidera irtetean

Animoa jaso (bis),

Bizitzak beste ezer

Ba al du akaso?

Ertzaintzarekin ditut

Hainbeste arazo,

Honi buruz hizketan

Jardun ginen atzo,

Zer dela eta doaz

Denak horren mantso? (bis)

 

Ipurdi janez noa

Besteen atzetik (bis),

Karakolak aldendu

Zaitezte paretik.

Gizajoak frenatu

Zuenez kolpetik,

Bi femurrak hautsita,

Burua atetik,

Bertsoak jartzen nago

ZIUko ohetik (bis).

 

Bemeuveduna

 

Bemeuveduna