Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-06-11

Baserritarren saio(nara)

Badira agenda saioz betetzen jarraitzen duten Santu jakinak. Badira, ospakizun tradizio luze baten gainbehera irudikatzen dutenak ere, herriren bateko jaiekin koaliziorik ezean. Ia desagertutako bat izan liteke San Jose, orain aitaren egunarekin gehiago lotuko dena kasi, Joserekin eta arkumearekin baino. Beste bat da, oraindik zenbait herritan ospatzen den San Isidro, edo baserritarren eguna.

Baserritarren saio –

Baserritarren saio

Landa guneko herri txikitan gabiltzanok askotan entzun diegu zaharragoei San Isidro ze egun handia izan ohi zen, nahigabe eta etsipen puntu bat eztarrian trabatuta, urtero txikiagoa den bazkariko mahaiaren aurrean. Gero eta baserritar gutxiago dagoela entzuten dugu, baserri izandakoak erortzen edo txalet bilakatzen ikusten ditugu, usaindu ere ez dugu usaintzen jarduerarik inguruan.

Oh baserritxo doinua eta kezka, biak atzendu zaizkigu, eta gero eta sakonago heltzen da atzizki txikigarria (txikitzailea, zenbaitetan). Bertsogintzan kantatu diegu lehen sektoreko arazoei gainbegiratuan, baina eguneroko gaietan urrunago gabiltza; bertsolaritza ere maizago dabil antzoki edo kaleetan, belarretan baino.

San Isidro eguna ospatzeko saio batetik deitzen badizute, aurreiritziak koadrodun alkandorak eta koadroetako mahainguruak (ez, derrigor, kuadratuak) marraztuko dizkizu buruan. Elkarte bateko atarian gazte koadrila bat badago, harritu egingo zara. Barrura sartu eta txistorra pintxoz betetako barran sagardo botilak ikustean, ingurura begiratu eta aurreiritziak baieztatuko dituzu. Bataz besteko adina eta bataz beteko generoa gainbegiratuz, lehen galdera zure buruari: hauei kantatzeko ezer interesgarririk ba ote dut? Zergatik hautatu ote naute hona etortzeko? Are, hautatu ote naute?

Eta bertsokideak zalantza berak ote darabiltzan pentsatzen duzun bitartean, han dator gai-jartzaile izango duzuen laguna: Hide, 30 urtez azpiko japoniar oñatiartua. Eta halaxe, bazkarian espero ez zenituen mila gai berri sortuko ditu elkarrizketak; koadrodun alkandorei marrak zabaltzen joango zaizkie. Ez da inor harrituko gai-jartzaile zetorrenak lehen agurra kantatzen duenean, eta bat-batean, Okinawako amona bat eseriko da elkarrizketan Oñatiko nekazarien elkarteko mahaian, eta San Isidro samsara ziklora konbertituko du hinduismoak.

Akaso, San Isidro eguneko ospakizunak aldatuz eutsiko dio; agian, nekazarien festa guk uste baino zabalagoa da; baliteke, gazteei ikasitako errimak baliatuz, aspaldi egin dudan saio random eta bereziena izatea Oñatiko Nekazarien elkartekoa. Arigato, Ixidro; eskerrik asko, Hide.

Baserritarren saio