2016-09-27
Barazki-jalea ezin irentsi
Barazki-jalea ezin irentsi
Uda honetan gertatu zait. Badira hiru urte Aramaioko familia batekin urtero topo egiten dugula kanpinean. Beraien alaba zaharrenak, Lexurik, bost urte bete ditu aurten. Iazko udatik hona asko aldatu da Lexuri, aldatzeko adinean baitago, baina bada kontu bat ikaragarri harritu nauena: iaztik hona, barazki-jale sutsu bihurtu da.
Kalekumea izan arren, animaliaz eta animaliak dituzten baserriz inguratuta bizi da Lexuri. Iazko uda ostean egin zuen galdera lehen aldiz, mahaian zeudela: “zer ari gara jaten?”. “Alboko baserritarraren txahalaren haragia”. “Zer?” “Pakitoren haragia”. “Pakito jaten ari gara???!!!”
Handik egun batzuetara, beste baserritar bati, zerri mordoak egin zion ihes. Arduratuta zegoen baserritarra, zerriek ez baitzuten segururik, eta istripuren bat-edo eraginez gero, arazoa larria izan zitekeen. Auzoko zenbait lagun zerri horien bila abiatu ziren autoa hartuta, gauez. Handik egun batzuetara, solomoa ekarri zien baserritarrak Lexuriren gurasoei, esker onez. “Baina nola, guk ezagutzen ditugun zerriak ari garela jaten?”
Eta hortik aurrera, poliki-poliki, jaten ari zen ororen gainean galderak egiten hasi zen. Haragirik jatea onartezina iruditzen zitzaion. Gurasoek uste zuten, akaso, arraina salbuetsiko zuela, baina baita zera ere, galdera eta galdera artean, negar batean hasi zen behin, aitak atun lata bat ireki zuelako.
Kanpinean gertatu zen azkena. Zorriak zituen Lexurik. Zorriak hiltzeko botika bat erosi zuten gurasoek. Alaba berriz ere galdezka. Janariaren inguruko gezurrik inoiz esan ez zioten arren, gezur txiki bat esan zioten oraingoan: zorriak mareatu eta lurrera botatzen zituela botika horrek. “Ama, zuk nahiko zenuke mareatu eta lurrera botako zaituen botika bat zuretzat?!”
Hau guztia kontatu zidatenean, ezin sinetsita geratu nintzen. “Berak bakar-bakarrik egin du prozesu hori guztia, lau urterekin?” “Bai, inguruan ez dauka barazki-jalerik. Orain bi lehenengo plater jaten ditu, eta kito”. Liluragarria eta miresgarria iruditu zitzaidan.
Baina orduantxe hartu nuen sorpresarik handiena, gurasoek esan zidatenean, beraien inguru guzti-guztiaren erantzuna guztiz kontrakoa izan zela. “Nahi duena egiten utzi behar al diozue umeari?” Ez batek ez bik, hamaika lagunek eman omen diete erantzun hori.
Eta ni, une horretan, Maialen Lujanbiorekin akordatu nintzen. Zehazki esanda, 2013ko Txapelketa Nagusiko bere finaleko bertso nire ustez ez-ulertuekin. Goia jo zuen “eskatutako borondatea / borondatea ote da?” bertsoarekin, esaterako. Halako egia gordinak kantatu eta publikoaren aldetik erreakzio hain ahula nola jaso liteke! Halako ahalegina egin azaleko egiak gainditu eta barruko egiarik gardenenak kantatzeko, eta entzuleek ezin horri baliorik eman…
Lexurirengan Maialen ikusten dut, eta Maialenengan Lexuri. Bakarkako prozesu izugarri interesgarri bat eta, aurrean, publikoa.