2024-05-07
Bando zabalera
“Bando! Bando! Alkatek esan do…” diote Ataunen. Bertsolaritzan “Tarrapatatan” kantatzen diogu, 86tik. Bietan ere, antzekoa da norabidea (goitik beherakoa) eta helburua (isiltasuna egin dadin). Bandoa zabaltzeak ekar lezake bandoen arteko zirrikitua zabaltzea. Edo, nork daki, akaso beti izan da arrakala bat. Nahiko banda berezia da gurea.
Bando zabalera –
Banda zabaltzeko proposamen, asmo edo ideiak berak eragin izan du jendea bere lubakian ixtea. Eta ez, ez naiz azken asteez ari, urteez baizik. Banda aspaldi ari baita zabaltzen, norabide desberdinetan. Eta banda ezeri ixtekotan, zilegitasuna ezeri kentzekotan, gorroto diskurtsoei ari zaie kentzen; eta paradoxikoki, horiek eztabaidatik kanpo uzteak egiten du eztabaida posible.
Azken astean jende askori sumatu zaio bertsolaritzak zeri eta nondik kantatzen dion kezka, eta lantzeko behar larria adierazi dute zenbaitek. Ezagutza falta izango da, bertsolaria ezinbestean arduratu baita esan litekeena eta ezin litekeena landu eta mugei zirrikituak egiteaz. Horretan doakio jarduna. Eta kantuan ez ezik, gogoetan ere ari da bertsolaritzaren ekosistema, jendea hain kezkatua duen zeri eta nondik kantatu horretaz. Beraz, kezka arintze aldera esan, ziklikoki antolatzen den bertsolaritzaren inguruko jardunaldian, 2024ko gai zentrala izan dela hori; gainera, Udako Ikastaroetan luze eta zabal jorratuko dena, interesik duenarentzat. Gainera, aldizkari honen hurrengo alean irakurri ahalko dituzue hizlarien artikuluak osorik. Jakin aldizkariaren azken zenbakia ere monografiko ezinbestekoa da.
Bertsolamintza aurtengo edizioa baino lehen aritu da kantagai diren ideiei, tabuei eta publikoarekiko harremanaren baldintzen inguruan gogoetan. Esaterako, 2019an politikoki zuzenaren eta transgresioaren arteko bidean aritu ziren gogoetan, baita iritzi publikoaren inguruan ere. Eta 2010eko edizioan, inertzien inguruko gogoeta egin zen, bai inertzia ideologikoek sor ditzaketen mugez edo umorean eragin dezaketen norabideez, eta baita txapelketak egitura bezala duen eraginaz ere. Bertsolamintza horiek emandakoa ere irakurgai daukazue aldizkari honen 115. eta 82. zenbakietan, hurrenez hurren.
Berdin dira argigarri ziklikoki egiten diren bertsolaritzaren azterketa soziologikoak ere, unean uneko bertsogintzaren adierazgarri, bertsozale eta bertsolarien testuinguruaren berri ematen dutenak, tentsioak, bilakaerak eta aukerak aletuz. Eztabaida hori Elkartetik sustatuta beste garatu da bertsolaritzaren parte diren pertsonen kezketatik, eta marko ideologiko pobrea aberaste aldera, komeni litzateke gogoratzea esan litekeenaz eta esateko baldintzez zenbat lan egin, partekatu, eztabaidatu eta argitaratu diren (ordena aldakorrean eta buklean) azken urteotan: Mitxelena, 2013; Ibarzabal, 2018; Artetxe eta Labaka, 2019; Alberdi, 2019; Akizu, 2020; Gurrutxaga, 2020; Matxain, 2020. Mitxelena eta Ibarzabal ari dira txapelketetan bistaratutako lerro ideologikoaz, Gurrutxaga eta Akizu diskurtsoen ideologiaz. Nahi duenak badu non busti ideiak, iritziak beratzeko.
Doktrinaren kontzeptua hain desberdin uler dezakegun bando bakoitzaren banda elkarrekin gurutzatzen da oholtzan. Ezinbesteko bi galdera dira zergatik den zabalera (edo itxidura) horrelakoa orain, eta zertarako (eta norantz) nahi dugun zabaltzea. Arian ari gara astero erantzuten. Txapelketako markotik irteten denak antzemango dio soinu-bandaren polifoniari.