Oihana Bartra
Oihana Bartra

2019-04-08

Baliente

Baliente –

BalienteHorrela erantzuten zigun preso genuen lagunaren amak alaba zelan zegoen galdetzen genionean: “baliente”. Inpaktatu egiten ninduen erantzun horrek. Ez zegoen txarto, ezta triste ere. Baliente. Borrokan zegoela, alegia. Bere jarrera ausartari esker egiten ziola aurre egoerari, umore onez gainera.

Nago emakume bertsolariok ere “zelan saioan?” galdetzen digutenean halaxe erantzun genezakeela: baliente. Eta ez da oholtzara igotzea sufrimendua delako guretzat, ezta gutxiago ere. Baina ausartak izan behar dugu derrigor oholtza gainak eskatzen digunari aurre egiteko. Tabladuak, publikoak, bertso-sistemak exijitzen ditu autokonfiantza, indarra, ekimena. Guztioi exijitzen digu hori. Eta guri ausardia estra bat ere bai. Autokonfiantza, zeure gorputza eta pentsaera jendaurrera eramateko. Indarra, ahul zaudenean ere zaurgarri aritzeko gai izateko. Ekimena, egun txar batetik altxatzeko. Baina guk ausart ere jokatu behar dugu: saio baterako emakume izateagatik deitu digutela aurpegiratzen digutenean, leku hori merezitakoa dela sentitzeko; (gizonak bezain) onak ez garela sinetsarazi nahi digutenean, geure buruarengan sinesteko; gure itxuragatik epaitzen gaituztela jakinda ere, nahi dugun eran janzteko; beste emakume baten ordezko deitzen digutenean, saioan geure esentzia uzten saiatzeko; bertsokide gizonari baino gutxiago ordaintzen digutenean, berdin balio dugula gogoratzeko.

Emakume bertsolariok aipatutako ezaugarri guztiok behar ditugu oholtzaratzeko, eta igo egiten gara, umore onez  gainera. Baina, lelo feministak dioen legez, (oholtzan ere) ez dugu ausartak izan nahi; askeak izan nahi dugu.

Baliente