2020-03-05
Baina kantatu beharko
Baina kantatu beharko –
Maiz erran izan dute gai jartzaileek aktualitatearekin bat datozen gaiak ezartzea beharrezkoa zela, bertsolaritzaren eta bertsolariaren gaitasun bat bere garaiaren inguruan gogoetatzen jakitea eta honi egokitzea zela, aldaketei adaptatzea, alegia.
Telebista piztu gabe ere aktualitateak infiltratu nau aste honetan, intimitatearen hesi guziak urratuz. Badakit ze entzungo dudan asteburuan “ Zu koronabirus bat zara, eta zu berriz Italian egon den turista..”, “eztul arraro bat atera zaizu goizean”… Baina saio oso bat ez denez egiten ahal koronabirusaren inguruan, feminismoa hegemonizatua den testuinguru honetan, ez dut dudarik martxoaren 8 kari dudan saioan behin eta berriro oroitaraziko didatela emakume bertsolari gazte bat naizela, munduko gauza harrigarriena balitz bezala, horrek koronabirusa bera suntsitzen ahal balu bezala.
Baina kantatu beharko, sarrera/tesi/antitesi eta sintesiz, bertsolari on batek jakin behar diolako erantzuten aktualitateari.
Eta bitartean, gaien artean irakurtzen dakigunok gogoratuko gara Zaldibarren oraindik bi behargin erahilen gorpuak daudela hor nonbait, gure herria grebaz josten ari dela izkin guzietan, martxoaren 3ak ze bertso gutxi jasoko duen, Europatik at mundu bat dagoela…
Baina kantatu beharko, sarrera/tesi/antitesi eta sintesiz, bertsolari on batek jakin behar diolako erantzuten aktualitateari, batzuk entzun nahi duten aktualitateari.
Telebista piztu edo bertsotan aritu, ez dakit zer egin asteburu honetan.. Agian ber gauza bilakatu da, aldaketek adaptatu gaituztenetik.