Peru Abarrategi
Peru Abarrategi

2024-10-15

Badator beste urte batez

Badator beste urte batez –

Aurten ere ikasturte berria hastearekin batera emango dio hasiera bere ikasturte propioari Aramaixoko Bertso Eskolak ere. Duela aste gutxi bildu ginen bertso eskola osatzen dugun kideetako batzuk aurten ditugun asmoen inguruan hitz egin eta ikasturtea nondik eta nola hasi erabakitzeko. Azken urteetako martxari jarraituz, gure gaztetxoen taldeek, Arrasaten Maritxu Kajoi eguna pasatu osteko astean ekingo diote bertso eskolari. Egun horretan irakasle zein ikasle helduenak ere Arrasaten ibili ohi gara eta egun ona izaten da traje dotoreak emandako txisparekin ikasturte berriko asmoak zeintzuk diren zehazteko. Beste era batera ikusten dute hori bertso eskolako partaide txikienek eta horrela jakinarazi zigun haietako batek, Maritxu Kajoi eguna igaro aurretik hasteak pereza ematen zigula esanez eta aitzakiak alde batera uzteko eskatuz. Dena den, pasa zaigu jada egun hori eta guztia martxan jartzeko moduan gaude.

Talde ezberdinak beraien irakasleekin elkartzen ari diren bitartean, ate joka dugu jada bertso eskolako kide helduok antolatzen dugun kurtsoko lehenengo saio edo ekintza berezia eta gaur horri buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. Aurten, azaroaren 15ean, ostiral arratsaldean hasita Aramaioko Kopla Txapelketaren bostgarren edizioa burutuko baita. Bitxia iruditzen zait txapelketa hau antolatzeak taldean eragiten duen motibazioa, beti ere, kurtsoan zehar egiten ditugun beste saio batzuekin alderatuta eta are eta gehiago harritzen nau kopla saio honek herriaren partetik jasotzen duen erantzunak. Talde antolatzailearen motibazioa aztertzerako orduan, bertso eskolako whatsapp taldean ageri diren 19 parte hartzaileek gai honekin lotutako mezu gehienak erantzuten dituzte eta guztiek erakutsi dute Azaroak 15ean zein aurretiko prestaketetan beraien aletxoa jartzeko asmoa eta maitasun guztiz hori ez da ohikoena izaten talde handietan. Kontatzen ari naizenaren adierazle nagusia, gaiak sortzeko egin beharreko mokadutxoa, kopla txapelketa iritsi baino hilabete lehenago zehaztu dugula izan liteke eta ez sarrerak saltzen ari garen bitartean azken ikututxoak eman beste batzuetan gertatu zaigun bezala. Herriak ematen dion erantzuna berriz, aurreko edizioetan behintzat paregabea izan da, eskolako jantokia goraino bete eta giro beroa sortzen laguntzen duen horietakoa, beraz, ez dago inongo motiborik aurten berdina gertatuko ez zaigula pentsatzeko. Gabonetan antolatzen dugun saioan nahiko lan izaten dugu Aramaioko kultur etxea betetzen baina kopla txapelketaren formatuak arrakasta bermatzen duela dirudi.

Beste behin ere, koplatan aritzeko zortzikote ederra bilduko da Aramaioko kaleetan lehenik eta eskolako jantokian afari eder bat eta gero. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildutako adin ezberdinetako bertsolari kuadrilla paregabea, herriko hiru musikarik lagunduta. Arratsaldean herriaren goiko alderdian dauden tabernen aurrean emango diogu hasiera txapelketari, afal aurreko azken saiotxoa herriko plazan egingo dugu ondoren, ostiraletan lanetik irten eta astero egon izan den poteo alai hori, are eta alaiago bihurtzeko asmoz. Arratsaldeko saiotxoak eta gero, esan bezala, eskolako jantokian afari eder bat egin eta zortzi bertsolariak koplatan entzungo ditugu berriz, bostgarren edizioko txapelduna eta txapeldunordea zeintzuk diren erabakita geratzen den arte. Afarian izena emateko azken eguna azaroaren 10a den arren, irakurri bezain laster apuntatzea gomendatzen dizuegu, jantokiko aforoak ez dauka eta herri eta ezagun guztiei lekua eskaintzeko baliabiderik.

Badator beste urte batez

 

Aurreko urteetako
jarduna ikusita
Apuntatu azaroan
jarri dugun zita

Bertso munduko jende
ezagun ugari
Suitza ñimiñoan
koplatan kantari

Afaltzeko aulkiak
agortu ohi dira
Azken egunerarte
ez egon begira

Animatu zaitezte
egongo da ederto
Irrikitan gaude gu
zuek jasotzeko

 

Badator beste urte batez

Badator beste urte batez  Badator beste urte batez