Oihane Perea
Oihane Perea

2021-08-05

Aztarnak I

Aztarnak I –

Udako garaia egokia da deskonektatu eta atzera begiratzeko. Nik behintzat oso gustuko dut historian bidaiatzea, leku enblematikoak bisitatzea eta orainalditik eta biharretik pixkat askatzea, perspektiba hartzeko besterik ez bada ere. Badirudi aurten ez dela bidaiak egiteko urterik egokien eta ez naiz Erromara iritsiko, bertan geratuko naiz. Baino tarte horretan hona Arabako euskal hotsak  ekarriko ditut, paperean beharrean blogean, ahalegin txiki bat eginez, bakoitzak mugikorrean dagoen tokiko hamakatik irakurri eta hausnartu dezan plazerra badu.

 

Aztarnak I
Ilustrazioa: ARGIA

 

Arabako Ahozko kantu inprobisatuari buruz eta literaturari buruz ezer gutxi dakigu, baino  dakigun apurra lagin oso esanguratsua iruditzen zait, XV. Mendetik gaur arte mende bakoitzean pertsonai bat ageri da eta, Arabako eskualde ezberdinetan, bizitza kulturalaren erdigunean eta ez periferian, euskaraz sortzen duena. Ruben Santxez Bakaikoak Araba bertso istori ezberdin bat liburuan amaierako orrietan aipatzen du nahiko begi-bistakoa dela “Araban Erdi Arotik eta XXI. mendera arte, emakumeek, jauntxoek, apaizek, militarrek, eta pentsatzekoa da herri xeheak ere euskaraz koplak, baladak, bertsoak, neurtitzak, olerkiak, bertso-paperak, salaketak… egin zituela”

Horiek ekarri nahi ditut blogera, froga gisan, dauden aztarna apurrekin osatu gabe dagoen kuadro honi pintzelada batzuk emanez, gure oroimenean gera daitezen, horri buruz hitz egin dezagun… eta noizbait ikerlariek osatzeko adorea eta gogoa izango dutelakoan. Ekarriko dudan lehen aztarnak emakume izena du, ikastaro batean apunteen artean kasualitatez topatu eta oroimenean edo orainmenean iltzatuta geratu zitzaidana.

OIerki edo heresia, XV. Mendean  Ozaetako Santxa izeneko andre potente baten erraietatik irtendakoa da, bere senarraren hiletan, banderizoen guduen testuinguru odoltsuan.  Santxa Ricardo Becerro de Bengoaren arabera Ozaetatik zetorren familia bateko kide zen, Maturanan jaiotakoa eta Mendijurreko gazteluko anderea. Aramaioko oñaztarrek bere senarra erahil eta gero kantatutako hileta heresia da gure egunetara Garibairi esker heldu zaigun perla heavy metal hau:

 

Oñetako lur au jabilt ikara

lau aragiok berean bezala;

Marti Bañez Ibarretan il dala.

artuko dot esku batez gezia,

bestean suziri irazekia:

erreko dot Aramayo guztia.

 

Ozaetako Santxa (1464)

 

Ehun urte geroago idatziko zuen Juan Perez de Lazarragak bere  olerki sorta ezaguna. 10 kilometro aurrerago, Gasteiztik Lautadara zabaltzen den Barrundia zoragarritik atera gabe. Oraindik gogoan dut testuaren eta idazlearen jatorria eta euskalkiaren inguruan sortutako polemika, Arabarron euskalduntasuna zalantzan jarriz enegarren aldiz.

 

Çu baçarade serbietan

jaquiten naxan nungoa

baldin badoçu adietan

erri arrtaco berbaetan

ni banax Arabacoav

 

Juanek berak argitu zizkigun zalantza guztiak, jakin nahi duenarentzat. Eta nik horientzat aztarna bila jarraituko dut hemendik tarte batean behintzat. Laster arte! 

 

Aztarnak II

Aztarnak I