Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-12-28

Azken kolpea

Azken kolpea –

Nork ahazten du azkenengo puntua noizbehinka? Edonork. Noiz gertatzen da errima jakin batzuk pentsatu eta hamarreko baten bostgarren puntura heldu orduko baten bat ahaztea? Edonoiz. Non topatu daiteke ahaztuko ez duzun kanturako leku goxo bat? Edonon. Norekin ez dugu ahazten gustura ari garela bertsotan? Edonorekin ez. Bertsotan, horrenbeste gustatzen zaigun jolas honetan, edonor, edonoiz, edonon edo edozer beti etorri daitezke “baina” batekin atzetik. Atzetik edo aurretik.

 

Azken kolpea

 

Atzera eta aurrera begiratzeko sasoia izaten da urte amaiera. Eta gure jolasean amaierak indar eta zentzu berezia du. Azken puntu potoloa, azken mezu gogoangarria, azken kolpea. Baina, batzuetan ematen du aurretik esandakoak pisu txikiagoa duela, edo hurrengo bertsorako, osterako, gordeta daukazuna ere bigarren plano batean geratu daiteke.

 

Urte amaitzeko geratzen diren egunotan aurrera eta, batez ere, atzera begiratzen ahalegindu naiz, baina, edonoiz azken puntua ahazten duen norbait izanda, errekopilazioa egitea ez da erreza izaten. Hainbat sare sozialek egiten dute urteko argazkirik onenen bilduma, urtean zehar gehien entzun dituzun abestien zerrenda, etab. Eta nik ostera, edozelan ezin gogora ekarri aurtengo bidaiak, iazkoak ez ote diren nahastuta, zenbat urte bete ditudan ere birritan pentsatu behar izaten dut. Desgraziekin ostera, errazagoa izaten da, zauriak marka handiagoa uzten du antza.

 

Baina, zoritxarrez zein zorionez, gogoratuko ditugunez edo memoriak ahaztuko dituenez betetako urtea izan da hau ere, beraz, azken puntu bat altu bota dezagun, bidean errimaren bat ahaztu badugu ere, seguru bertso-lerro onak kantatu ditugula bidean.

 

Eta orain, hurrengo sorta pentsatzeko sasoia da, seguru konturatu orduko hurrengoaren azken puntua abesten egongo garela, ahal dela errima aberatsagoekin eta bertso-lerro gogoangarriagoekin, eta batez ere, leku goxoetan, gustura sentiarazten gaituzten kantukideekin.

Azken kolpea