Oihane Perea
Oihane Perea

2021-11-30

Azaloreak, sagarrondoak eta ardoak

Azaloreak, sagarrondoak eta ardoak –

Lagun batek azaldu behar izan zidan ebidentzia. Azaroan loratzen direla azaloreak, alegia. Eta bertso agendari begira jarriz gero, badirudi Euskal Herriaren periferiaren zati handi batean, Pirineoaren bi aldeetan eta Bizkaiko golkoan prest daudela ortuak uzta hori biltzeko. Barazki biribila, bildua, trinkoa eta batzuetan soso xamarra da azalorea, baino negurako aproposa, lurrak aldiro behar duguna ematen baitigu. Barrutik berotzen eta indartzen omen zaitu eta zentrora ekartzen, udako leherketa eta festa giroaren ondotik.

 

Azaloreak, sagarrondoak eta ardoak
Arabar Errioxa. Arg: G. Villar

 

Haurrek gorroto dute ordea, dibertsioa amaitu egiten baita platerean jartzen dizuten momentuan. Tarteka gustuko dut nik ere hartzea,  eta on egiten dit,  baino ezin ukatuko dugu ba kontraesanak sortzen dizkidanik. Hain da zurruna eta trinkoa, neutroa, batzuetan jateko zaila … baino beharrezkoa aldi berean ….

Araban berantiar datoz azaloreak, maiatzean utzi baikenuen lurra merezitako atsedena hartzen, eta binakako zirrien eta udako “altxa kopla” festaren ondoren bixamona ez baita makala izan. Urtarrileko aldapari itxoingo diogu, lurra esnatzen hasten den garai horri. Eta prest gaudenean, astez aste astinduko dugu Arabako lurra apirilean loretan amaitzeko asmoz.

Momentuz bertso eskolan biltzen hasi, berraktibatu, besteena ikusi eta gozatzearekin nahikoa ariketa egiten ari garela dirudi.  Aurtengo udazkenak, 2022ko Txapelketa Nagusiaren plusa duela nabari du han hemenka ikusi ditudan saioetan, jendea prestatuta, zentratuta, oso azalore fasean ikusi baitugu silabaz xilaba. Inbidia sano eta nagi puntu batekin dena esan behar bada. Tira, urtarrilaren hasieran hasten omen da txotx denboraldia, eta batzuk festarako tartea hartzen duten bitartean hasi beharko dugu guk azaloretzen. Ze erremedio!

Sagardoaren aitzakian, sagarrondoaren ipuinaz gogoratu naiz, sagarrondoak ezin duela madaririk eman, ezta ardorik ere. Aspaldi dudan kezka da hori, duela urte batzuk gainditutako konplexu txiki baten azken konklusioa. Eta askori gertatzen zaigula gaur egun nagusi den txapelketa ereduarekin antzeko zerbait.  Sebastian Lizaso plazer handiz entzun dut asteburu honetan Hitzetik Hortzeran, eta lasaitu ederra hartu dut. “ Irabazi batek egiten du baino galdu askok ”… Guztiok buruan ditugun argi-ilunak. Aurrekaldea geroz eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa baita itzala. Gurera ekarriz, akaso mahatsondoak landatuz sagardoa egin nahian ibiltzen garela pentsatu dut.  Baino neguan niri behintzat hobeto sartzen zait Arabar Errioxako ardoa, bere fruitu zaporea galdu gabe, epelagoa baita. Ardo gorri nafarrari merezimendurik kendu gabe noski.  Bide batez, Zorionak Saioa Alkaiza txapeldun handiari eta zorionak Nafarroari zailtasunen gainetik urtez urte eta lursailez lursail aurrera ateratako lan ederragatik. Finalaren bestondoan pozak eta penak.

Nerbioi ibaiak darama gaurtik aurrera lekukoa, itsasoratzeko gutxi falta baitzaio bere ibilbidean nahiko ur bildu eta gero. Eta uholderik ez bada, Bilboko ura ere ez da txarra topa egiteko, ez. Holaxe jarraituko dugu ba bertso udazken berezi hau gozatzen, espioitza industriala egiteko eta  besteen uzta ere gozatzeko baliagarria den garai hau, tarte horretan bertso eskolan elkarri arrimatu eta ahal den ondoen errimatuz,  mahatsak zapalduz, gure barruko zuku autentikoaren bila… 

Kontuan hartu ardoak barrikan denbora behar duela. Baino itxoiteak merezi du.

Azaloreak, sagarrondoak eta ardoak Azaloreak, sagarrondoak eta ardoak