2019-11-20
Aurkari
-Eta? ze aurkari egokitu zaizkin Tolosan?
-Ze bertsokide?
-Bai, ze aurkari.
-Beno, bertsotan elkarrekin egin behar diagu, ez elkarren aurka.
-Ja, baina txapelketa dun, oraingoan aurkari izango ditun.
-Ez pentsa. Orduan eta hobea kidea, hobe niretzat.
-Nola ba, irabaztea komeni zain!
-Bai, baina irabazteko ondokoek oso ondo egitea komeni zaidak.
-Ulertzen dinat zuzentasun hori … baina hi, nik ere lagunak izaten dizkinat lasterketan eta elkarren aurka aritzen gaitun.
-Beno, baina desberdina duk, benetan. Estrategikoki, nire emaitzen alde ere, taldean egin behar diagu saio ona, horrek igoko ziguk puntuazioa denoi.
-Bai, beti esaten duzue hori eta oso polita geratzen dun, baina gero besteen gainetik geratu behar dun, eta horretarako aurkari izango ditun. Arerio, hitza gustatzen ez bazain.
-Bai, ulertzen diat, baina ez duk hitz kontua, uste diat desberdina dela.
-Ez dinat sinesten. Baina berdin zion. Hik egurra denei!
Eta horrela, inauguratua geratzen da bertsolaritza triatloi modura iruzkintzen digutenen denboraldia. Lehian ohitua dagoen jendea bertsolaritzara gerturatzeko motibo izaten da; eta nire kasuan behintzat, euretako bat banintz bezala, kode konpartituan aritzen zait sekula bere herriko jaialdian komentatzeko ezer izan ez duena.
Ez zaie sinesgarri, bertsogintzan lehiak hartzen duen forma. Lan kooperatiboa, taldekoa, benetan dela, ez dela gure pose guaiedo politikoki zuzen bat. Saioan zehar benetan garela kide, halabeharrez ere. Eta puntuazio zain geratzen garenetan inoiz hurrengo saioa txarra ateratzea desio izan arren, benetan txarra doanean sufritu egiten dugula. Ez dela atsegina enpatia minimorik duenarentzat kide eta lagunak oholtzan estu ikustea, aurkari edo arerio izanagatik.
Baina ezin ditut inondik konbentzitu, modu geurekoienera jota ere, benetan desio dugula bertsokide onenak izatea gure saioan, gure arrakastarako aukerak hazten dituelako. Eta mesfidantzaz begiratzen dizute gehienek, mespretxuz, gutxi batzuk. Eider Rodriguezek idatzi bezala, ordea, “mespretxua jasateko bezain gainetik sentitzen” gara, gure kasuan lehiak beste parametro batzuk dituelako, zorionez. Gure burua delako domatu beharreko arerioa, eta lehia bera delako kidetzen gaituen aurkari.