2017-06-28
Atzera begira
Atzera begira –
Ikasturtea amaitu eta atzera begiratzea erabaki dut gaur. Urtea estresatuta pasatu
dut, baina, zergatik? Zerk edo nork lapurtu dit neuretzako behar nuen denbora?
Unibertsitatea, dantza klaseak, bertso eskola, ostegunetako juergak, larunbatetako
gaupasak, liburutegian alboan jarri ohi zaidan ezezaguna, siestak, aparteko ikasketak,
irakurri ez ditudan liburuak edo azkenengo orduan entregatutako lanak? Zein izan da
erruduna?
Egutegiko orriak atzekoz aurrera pasatu ditut irailera arte. Ezjakintasuna ping-pong
pilota baten legez buruaren barruan ari zen jolasten ping alde batera eta pong bestera. Zer
zekarren ikasturte berriak niretzako? Bada, argi dago! Estresa, denbora falta eta estutasun
tarte txikien artean poztasun handia. Aitortu behar dut “okupatutako egoteko beharrizanaren
sindromea” daukadala, “siestadikzioa” diagnostikatu berri didatela eta “porrot egiteko
beldurraren aurkako” pastillak hartzen hasi naizela. Eta hauek dira nire agendan tarte librerik
ez izatearen arrazoiak, besteak beste. Alegia, ezin dut denbora librerik izan ez dakidalako
zer egin tarte horretan lo egitea ez bada, eta gauza askotan parte hartuz gero baten bat
ondo irteteko aukera gehiago ditut.
Atzera begiratu eta konturatu naiz nik pentsa baino gauza gehiago izan direla
arrakastatsuak aurten, adibidez, nota onak, unibertsitatetik aparte egindako ikastaroak, urte
guztian zehar pare bat astez baino ez naiz egon lesionatuta, ahalduntzea, eta batez ere,
bertso eskolako umeekin egindako lana.
Sarri aipatu izan dut astearteroko dosia beharrezkoa izan dudala aurten. Baina
atzera begira jarri eta zalantza bat sortu zait: konturatu al dira Antxon, Maite, Itxasne,
Xabier, Malen, Katalin, Andoni eta Olatz aurten egin dituzten aurrerapauso eta lorpenez?
Nik neuk neure lorpen legez sentitu ditut, eta oilo ipurdi azala jartzen zait mikrofono aurrean
ikusten zaituztedan bakoitzean. Orain arte ez bazareten konturatu, begiratu atzera eta
orduan bai, orduan konturatuko zarete. Konturatuko zarete zuek izan zaretela nire
burukominen errudun eta denbora faltaren errudun, baina, zuei eskeri sentitzen naiz atzera
begira nagoen honetan hain pozik.
Eman baino gehiago jaso dut, beraz, ESKERRIK ASKO!