Haize Lekuona
2024-08-30
Aste Nagusia
Aste Nagusia –
Doinua: Itsasoari begira
Zenbat arazok jarraitzen dute
egunero etengabe
Injustizia, bortizkeria
(e)ta gerra handien pare
Mila irrintziz egin gaitezen
karrika guztien jabe
Izan gaitezen isildutako
denen ahots (e)ta zutabe
Festetan ere gure borrokak
zeintzuk diren ahaztu gabe
Bilbo festan da (e)ta jendearen
irrietan da nabari
Zure auzo(e)tan sorgin doinuek
jarri zaituzte kantari
Zeruan duzun suak jarri du
baldosa bakoitz dantzari
Zure kaleetan daude konpartxak
eraikinak bezain handi
Arropa duzu koloretsua
ta jaia zainetan Mari
Euskaraz egin irekiera
eta batzuek gaitzetsi
Baina nolatan ikasiko du
ezin duenak miretsi?
Badakigunok mintza dezagun
honetan ezin da etsi
Euskaraz bizi (e)ta ospatzea
ez al dugu ba merezi?
Azken finean gure hizkuntzak
egiten gaitu berezi
Nork hautatzen du limite bakoitz,
gauza bakoitzaren muga?
Nora hautatzen du zer onartu (e)ta
zer beharko den zentsura?
Nahiz (e)ta isilik nahi gaituzten
hori ez zaigu ardura
Jarrai dezagun gure ahotsa
ozen altxatzen mundura
Mundu zahar honen errautsetatik
loratu dezagun uda