2024-08-05
Arrano
Ez nuen sekula pentsatuko blog hau aprobetxatuko nuenik urteetan gure lantoki (eta bizitoki) izan den Arranori buruz hitz egiteko; gaur baina, zeri buruz idatzi hausnarrean nenbilela eta hemen zenbait gogoeta plazaratzeko ohitura hartu dudan honetan, konturatu naiz Lesakako Arrano Ostatuak eta nire bertso-ibilbideak izan duten lotura estua partekatzeko aukera aprobetxatu beharrekoa zela.
Arrano –
Zenbat plater konbinatu,
entsalada ta ano
Zenbat zerbeza, gin tonic
eta Aroa arno
Nahiz ta zure magalean
ez gabiltzan hain sano
Kabi izateagatik,
mila esker Arrano
Gogoan dut Bortzirietako taldekako txapelketan Maddi Ane Txoperenak botatako azken agur hura (egur xafla batean zizelkatuta dago orain Arranoko jantokian). Egun berezia izaten da taldekakoa; goizean Beran, ostatuz-ostatu kantuan. Sailkatuek arratsaldean izaten dute final-laurden eta finalerdietan Lesakan aritzeko aukera. Eta final handia Arrano Elkartean: afari ona eta saio hobea. Goizalderarte luzatzeko arriskua duen egun horietako bat. Hamaika bertsolarik gogoratuko dute urteren batean bisita egin izan digutela… eta probatu ez duzuenak, ongi-etorriak!
Bertso-eskolan ikastolan hasi ginen arren, gaztetxotan salto egin genuen Arranora. Geroztik, bertan bildu izan gara. 16 urte nituen nik bertan zerbitzari lanetan hasi nintzenean. 2018. urte ingurua izanen zen. Sei urte egin ditut bertan, eta nahiz eta orain maiztasun gutxiagoz joan, ez naiz ausartzen bertako lana utzi dudanik erratera. Kontuak kontu, Lesaka inguruan ibili den edonork jakin badaki Arranok zein lotura izan duen bertsolaritzarekin; hobeki erranda, zer lan egin duen Bortzirietan oraindik ere bizi dadin bertsoa, eta, oro har, zein estrategikotasun izan duen inguruan euskal kulturguntzari bultzada emateko.
Bertako ganbaran egiten dugu bertso-eskola. Bertako paretek bertso andana aditu dute, gutxi batzuk oroitzeko modukoak eta bertze ugari ahanzteko modukoak. Arranon egindako saioak ere ez dira gutxi izan: bertso-afari edo bertso-poteoetatik hasi eta txapelketako simulakro edota Bardoetako saioetaraino. Parranda giroko puntukako saioak edo lana arintzearren zerbitzarion artean abesturiko bertsoaldiak. Zerbait izan bada kabia izan da Arrano; arrautzaren oskol barrenean ginenean goxo-goxo hartu gaituena, behar genuenean jaten eman diguna (ezin zitekeen argiago erran), eta nahi genuenean luze eta zabal hegan egiteko hego-parea eskaini diguna.
Baina leku bat jendeak egiten du eder, eta Arrano dena baldin bada bertan egon diren eta dauden pertsona guzti horiengatik da. Horietako bat zen J. Lanean hasi berri nintzenean tarteka bertso zahar batzuk abesten aditzen nuen kroketak, albondigak edo bertze edozein plater goxo prestatzen zuen bitartean. Gaur isildu da betiko bere ahots-kantua; eskerrak baizik ez nizkioke emanen urte guzti hauetan geure sabel eta bihotzak betetzeagatik.
Eta noski Arrano, zuri ere bai: mila esker, benetan.