Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Aroa Arrizubieta: bertso jarriak "umoreari"

Aroa Arrizubieta –

Doinua: Blowing in the wind

 

Aroa Arrizubieta

 

“Hartu errima, hartu neurria

Kartu doinua hurrena

Kantatu ondo, kantatu azkar,

Bota entzun nahi dutena.

Kontatu zazu txiste bat ere,

Benga, dakizun onena!”
Hor ikusten da garena, eta

Ez izan nahi genukeena.

 

Txiste batzuek nola batzutan

Min eragin dezaketen

Umore ona nahi nuke hartu

Eta kaltegarria ken

Baina ereduz aldatuz gero

Eta oraingoa eten

Jakin nahi nuke publikokoek

Nola hartuko luketen

 

Nahiz zaila izan umore erraz,

Absurdoa, saihestea

Beharrezkoa dugu norbera

Autozentsuran hastea

Garrantzitsua baita nahi dena

Egoki adieraztea

Helburu bakar ez dadin izan

Irri eginaraztea

 

“Hau umorea da, edo ez da?”

Sarri ibili naiz dudan

Zer entzun dudan, zer uste dudan

Barne kontraesan gudan

Alde bakarra, iritzi bera

Dagoenez maiz -itxuran-

Nik ere ez dakit mikroan nire

Burua aurkitu dudan

 

Umorearen noranzko ohikoa

Egiten da goitik behera

Bakoitzak bere gainetik kenduz

Barregarri den papera

Baina sistema irauliz gero,

Eginez gero aurrera

Umorea ez al litzateke

Berdinetik berdinera?

 

Umorearen mugen kontua

Kontu zaila da, motela

Non pixkanaka aurrera egin

Nahi genukeen ahal dela

Nahiz eta batzuk “holan” pentsatu

Eta besteek “bestela”

Onena gaiaz hitz egitera

Ausartu egin garela!

Aroa Arrizubieta