2022-09-14
Aristerrazuko rantxera
Aristerrazuko rantxera –
Doinua: Denbora ez da pasatzen/ Maitasuna izan leike
Dotore azaldu zinen
A(r)isterrazuko zelaian,
Larreak ere loreez
Apaintzen diren garaian.
Ni ere erromerian
Maiz izaten nintzen Aian,
Bizitzaren uztarrian
Bikoa osatu nahian.
Arin arina jo zuten
Betiko modu alaian,
Zu altxatu zinen eta
Ni nola gelditu mahian (bis),
Sueltoan aritu arren
Lotu ninduzun uztaian.
Elkarri begiratuta
Aritu ginen balsean,
Tarteaz, ezezagunek
Egin ohi duten antzean.
Nolako arintasuna
Zeneraman gorputzean,
Zerua ukitzen nuen
Zure pauso bakoitzean,
Izena gorde zenuen
Irribarreen atzean,
Elkar agurtu genuen
Azken kantua jotzean (bis),
Geratu ginen igandez
Berrio ere biltzean.
Txukun prestatu nituen
Galtzak eta alkandora,
Soineko loredun hura
Ondo datorkit gogora.
Dantzan hor aritu ginen,
Azkar joan zen denbora,
Zure ahora hurbilduz
Nire belarri ondora.
Gero eraman ninduzun
Meta atzeko zulora,
Nire galtzak behera eta
Zure soinekoa gora (bis),
Gehiago ez kontatzea
Askoz hobe izango da.
Hurrengo igandez baina
Zure arrastorik ez da,
Zerbait gertatu zitzaizun
Zen lehendabiziko kezka.
Hilabetez falta zinen,
Eta tristura gainezka,
Zein txokotan sartu zinen
Egiten nuen protesta.
Zure bila jardun nuen,
Herriz herri, festaz festa,
Tabernetan begiratuz,
Erromeritan galdezka (bis),
Loreak ezkutatzean
Itzali zen gure neska.
Ez zara erromerira
Berriz ere gerturatu,
Eta igande hartatik
Ez dut bururik altxatu.
Batzuk esaten didate
“utzi, beste bat bilatu”,
Besteek “hago isilik,
Etzak gezurrik asmatu”.
Baina buruak ezin du
Beste konturik topatu,
Arin arinik ezin dut
Berriro ere dantzatu (bis),
Eta pattarrak ezin du
Zure mina ezabatu.