Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2022-01-03

Ardi-txakurrak

Ardi-txakurrak –

Aurrekoan esan nizuen gure herrian txakurretik txakurrera alde handia dagoela eta akaso baten bat beldurtu ere egingo zen, are gehiago, hilabeteko etenaldiaren ostean. Lasai, oraingoan ez naute deklaratzera deitu. Deituko banindute ere, arrazoi gutxirekin. Izan ere, Gorbeiako ardi-txakurrari eta Border Collie-i buruz ari nintzaizuen.

 

Ardi-txakurrak
Arg: Artsuaga (wikimedia)

 

Badira urte batzuk Eva ezagutu nuela. Bertsozale elkartera ikastaro bat ematera etorri zitzaigun, eta geroztik harremana dugu. Logopeda da bera, beste gauza askoren artean, eta ahotsa zaintzeko eta lantzeko aholkuak eman zizkigun. Evak lehenengo aldiz bertsotarako deitu zidanean, harritu egin nintzen. Ardi-txakur erakustaldi batean abestu behar omen genuen, artean, ez nekien askorik mundu horri buruz.

Evaren neba, Fidel, artzaina da eta berak eta beste zenbait kidek Arabako Arate elkartea osatzen dute. Artzaintzaren aldeko lanean dihardute pasio izugarriz, eta euren langintzaren transmisioa bultzatzeaz gain ardi-txakur erakustaldiak antolatzen dituzte. Ardi-txakur erakustaldi horietan ez da Border Collierik izaten, Gorbeiako ardi-txakurra edo iletsua bakarrik onartzen dituzte. Border Collie arrazako txakurra, txakur azkarra izateaz gain indarrez sartu da artzaintza munduan, lanerako eta aginduak betetzeko duen prestutasunagatik. Ondorioz, bertoko euskal arrazadun ardi-txakurrak desagertzeko bidean leudeke Arate elkarteagatik-eta ez balitz.

Ardi-txakur erakustaldi horietan ezagutu nuen aurkezle lanak egiten dituen Josu ere, Evaren bikotekidea. Duintasun handiko gizona. Josuk asko daki ardi-txakurren gainean, eta, zoritxarrez, artzaintzaz beste daki ertzaintzaz… Tubacexeko langilea baita Josu. Borrokalaria, bakezalea, langilea eta euskaltzale amorratua. Tubacexeko gatazkan behin baino gehiagotan aritu da ertzaintzaren aurrean bertsotan, hitza bere arma bakarra… Bere bizkarrean, baina, beste batzuk probarazi dizkiote. Makila ez da lagunak egiteko biderik onena, ertzainek ez dakit, baina artzainek ondo dakite hori. Makila eskuan darabilte artzainek, baina ez ditut behin ere txakurraren aurka jasotzen ikusi.

Bikote zoragarria dira Eva eta Josu, bertsotara goazen bakoitzean mimatu egiten gaituzten horietakoak. Bertsoari zor diot horrelako jendea ezagutzeko aukera eman izana eta, beharbada, horixe da bertsoarekin dudan zor handiena. Horretarako ere balio baitu bertsoak, lagunak egiteko. Horrelako saioetan bertsolariak izan dezake betegarri sentsazioa ere, baina nik badakit hori ez dela Eva eta Josuren zioa. Erdalguneetan euskararen presentzia bermatu nahi dute. Euskaltzale amorratuak dira eta egiten duten lana eskertzea baino ez dagokigu.

Bertsolari bat baino gehiago gonbidatu dut nirekin abestera, eta ziur naiz oroitzapen ederrarekin bueltatu direla etxera. Halakoetan, oroigarritzat, ardi-txakur erakustaldiko epaileei ariketa puntuatzeko darabilten irizpide-orria eskatzen diet, bertsokideek etxera eraman dezaten. Ardi-txakur erakustaldietako epaileek zehaztuta daukate artzainaren eta txakurraren lana nola epaitu behar duten. Ikusgarria da daukaten zehaztasun maila, eta behin baino gehiagotan bertso txapelketetako epaileen lanaz oroitu naiz.

Ardi-txakur erakustaldietan nahiko argi izaten dut zeinek egingo duen aurrera, bertso-txapelketetan behin baino gehiagotan sartu dut hanka. Bertsoak ez dira matematika. Badakit hori lehendik ere, baina zenbaki matematikoekin epaitzen dira. Hala behar luke? Koefiziente zuzentzailerik beharko litzateke? Ez naiz epaile zalea, baina neu ere epaile lanetan aritua naiz. Gure kontraesan txikiak.

Hurrengoan idatziko dizuet zerbait epaileei buruz, bitartean, urte berri on, bertsozale!

Ardi-txakurrak Ardi-txakurrak Ardi-txakurrak