Peru Abarrategi
Peru Abarrategi

2024-04-22

Arabako bertsolari txapelketaz

Aspaldiko txapeldun gazteena izan du Arabako Bertsolari Txapelketa nagusiak. Publikoaren erantzun bikain batek erraztu du bertsolariek finalera arte egin beharreko bidea eta erretiroa hartu duenik ere bada aurten, azken urteetako ohiko finalista bat tartean.

Arabako bertsolari txapelketaz –

Finala jokatu zenetik hilabete bat igaro den honetan, Arabako Bertsolari txapelketaz hitz egin nahiko nizueke. Publiko aldetik txapelketa jendetsua izan da eta horrek ikaragarrizko poza eragin dio bati baino gehiagori, tartean niri. Izarran jokatu zen final laurdenetako lehenengo saiotik, salbuespen txikiren bat kendu ezkero, aretoak beteta aurkitu ditugu txapelketa guztian zehar. Beraz, parte hartzaile eta elkarteko kide gisa gerturatu diren zaleak eskertu nahiko nituzke.

18 bertsolarik ekin genion txapelketari sei bertsolariko hiru saiotan banatuta. Gazteenen urduritasuna eta beteranoagoen esperientzia uztartu ziren aurreneko hiru saioetan. Maila txukunean burutu zen fasea nire iritziz, kontrakorik ez esan asko dakit eta. Bi finalerdiak ere jendez lepo zeuden bi aretotan abestu genituen, Aramaion eta Dulantzin zehazki. Sarrerak agortuta dauden aretoetan kantatzea plazer hutsa izan da beti eta hori modu egokienean baliatu zuten sei bertsolariak izan ziren Printzipal antzokian finala kantatzeko aukera izan zutenak.

Finalean geldialdia egin eta arreta bertan jarri ezkero, azpimarratu daitezkeen gauza guztien artean bi nabarmendu nahi nituzke nik. Saioko azken emaitzak foku guztiak bereganatu ohi ditu eta ni ere ez nahiz foku horietatik gehiegi aldenduko. Aipamen berezia merezi dutelako lehenengo bi postuetan geratu ziren bertsolariek. Lehenik, Arabak azken urte luzeetan izan duen txapeldunik gazteena daukala nabarmendu nahiko nuke, Aroa Arrizubieta Barredo. Bere lehen finala, oso gaztea zenean abestu zuen Aroak. Bueno, ni nintzen oso gaztea orduko hartan, bera akaso nerabea oraindik. 2019ko txapelketan finaleko oholtza lehenengoz zapaldu ostean, bake pixkat eman eta 2022ko txapelketa Txilen streaming bidez jarraitzea erabaki zuen, aurtengoan berriro itzuli eta beste guztiok dagokigun lekuan jartzeko asmoz, baita lortu ere. Askotan zoriondu dut dagoeneko baina kasualitatez irakurtzen badu, zorionak berriz ere, Aroa.

Bigarren aipamena txapelketak utzi dituen aurtengo txapeldun ordearentzako da, Manex Agirre Arriolabengoa. Nik txapelketetan izan dudan bertsokide onenetako bat galtzen dudanaren sentipena daukat hilabete pasatu baldin bada ere. Ez dakit noiz abestu zuen bere lehen finala eta ez dakit zenbat abestu dituen ere, beharbada dagoeneko aspetu delako hartuko zuen txapelketatik erretiroa. Arabako txapelketak hutsune handia izango du hurrengoz martxan jartzen denean, denon artean betetzen saiatuko garen hutsunea izango da. Izan ere, Manex moduko bertsolari batek erretiroa hartzeko erabakia hartu baldin badu, guri erabaki errespetatzea eta oholtza gainetik ahal dugun eta gehien zirikatzea besterik ez zaigu geratzen. Faltan botako zaitugu hurrengo txapelketan Manex.

Arabako bertsolari txapelketaz

Arabako bertsolari txapelketaz