2021-04-14
Apirileko ferian arabarrak uztarrian
Apirileko ferian arabarrak uztarrian –
Pandemia garai hauetan badirudi Txapelketak aurrera ateratzea zailtasunez betetako bide bat dela, horrela ikusi dugu bertsolariek eta antolatzaileek herrialdez herrialde. Arrazoi ugari mahai gaineratu daitezke, eta antza denez ez da erreza banakako lehia juxtu bat aurrera ateratzea egun ditugun baldintzekin. Aldi beran plaza segurua dela aldarrikatzen ibili gara han eta hemen, eta kontraesan txiki bat ere izango genuke txapelketa besterik gabe bertan behera uztea erabakiz gero.
Gauza jakina da, plaza geldi egon da, eta bertsolari askok zoritxarrez bertsolari izateari utzi diogu tarte batez. Eta hori eten handi bat da. Hartza kobazulotik atera eta lehen gauza zerbait jan eta laguna bilatzen duen bezala, horrela gabiltza bertsolariak han hemenka, bazka, plaza eta kantukide bila… Txapelketak suposatzen duen bultzada ezinbestekoa da gure herrialdean, bertsolari izaten jarraitzeko gure motorretako bat.
Zorionez, Araban bikoteka antolatu eta lehiatzeko aukera izango dugu Apiriletik aurrera. Konplizitateak eraikitzeko, elkar zaindu eta elikatzeko, txapelketen aitzakian plazarako prestatzen gaituzten eta geldi egon diren mikro bertso eskola horiek aktibatzeko.
Binakako bertso-tandemena ez da inbentu berria, Xalbador eta Mattin, Basarri eta Uztapide, Lopategi eta Azpillaga, Egaña eta Lizaso, Iturriaga eta Elortza, eta orain, beste askoren artean…. Perea eta Bendala!!!
Ni oso pozik nago kupidok ekarri didanarekin. Eta espero zu ere horrela egotea. Bide luzea egin duzu honaino, ohikoa duzun ilusioz gainezka, Sevillatik atera, Euskal Herria lanera etorri, euskara ikasi eta euskara irakasle lanetan amaitzeko. Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta euskaraz sortzen hasi zinenean zalantza guztiak uxatzeko aukera izan zenuen. Kastako mutila. Orain gure oinak dituzu buruan uneoro, 8 abizen euskaldun ez izan arren.
Eta Binakako Txapelketaren aitzakian entrenatzen ibili gara udaberri hasierarekin batera, elkar distantzia motzean hobeto ezagutzen eta probatzen… eta primeran ikusi zaitut, zure ahots eta kantaera atsegina, zure erromantizismo eta ironia fina, gizon izateko modu ezberdina, ikuspuntu propioa … Uste dut ekipo ona osatuko dugula. Azken urteetan egin duzun aurrerapausoa ez da makala eta ohore handia izango da zure ondoan kantatu eta erronka honi aurre egitea. Uztarrian jarri gaituzte apirileko feriarako, Manu, eta uste dut gurdi honek sendo tiratuko duela aurrera.
Hego haizea lagun, Apirilaren 17a hasiko da txapelketa eta guk 24ean Oionen izango dugu hitzordua. Gogotsu nago, zuregatik, niregatik eta berriz elkartzeko aukera izango duen bertso familia handi honengatik, aspaldi ikusi gabe ditugun eta etorri ezinik geratuko direnak ahaztu gabe … Gozatzeko, eta zergatik ez, txapelari “Oles” egiteko prest!
https://www.bertsozale.eus/eu/araba/binakako-txapelketa/argazkiak
https://www.bertsozale.eus/eu/araba/binakako-txapelketa
https://www.bertsozale.eus/eu/araba/binakako-txapelketa/saioak/apirilak-24-oion