2024-11-05
Antolatzailearen beldurrak uxatu dira Leitzan!
Bertso saio bat antolatzeak beti sortzen ditu kezka eta beldurra. Eta are handiagoak dira bi sentimendu hauek dirua galtzeko aukera dagoenean.
Antolatzailearen beldurrak uxatu dira Leitzan –
Udaletxeak ordaintzen duen bertso saio bat denean, 40 lagun agertu edo 100 lagun agertu, ez dago hainbesteko alderik. Ekonomikoki diot. Bertso saioaren alde hobe da jende gehiago agertzea, noski, ez naiz ari hori ukatzen. Baina, antolatzailearen paperean jarri: Bertsolariei merezi dutena ordaindu behar, areto baten kostuak zure gain hartu behar, lan handia egin behar saio hori antolatzeko… eta jende gutxi agertzen bada, zer? Ea nork antolatzen duen beste bat!
Bada, guk ere sufritu dugu beldur hori azken asteetan. Leitzan ikasbidairako bertso saio bat antolatu zen urriaren 25ean. Bidaia gastuak ordaintzeko dirua atera behar izaten dute ikasleek; auzolanen bidez, patio garaian pintxoak salduz, jertseak egin eta salduz… Aurten, bertso saio bat antolatzea erabaki dute. Ikaragarria iruditu zitzaidan! Bertso eskolatik pasa ez diren ikasleek, bertsolaritzarekin hertsiki loturik ez dagoen gazte talde batek, bertso saio bat antolatzea erabaki du dirua ateratzeko.
Jendearen gosea tortila pintxoez asetzea ederra da, baina herriarentzat ikuskizun kultural bat antolatu eta jendeak bertsoaz gozatzeko aukera bat sortzea ezinbestekoa da gure herriarentzat eta gure disziplina artistikoarentzat. Julio Soto, Alaia Martin, Eki Mateorena eta laurok aritu ginen bertso kantuan, eta bi ikaslek ezin hobeto jarri zituzten gaiak. Bi aste lehenago hasi ziren beldurtxoak: salduko ote da sarrerarik? Jenderik etorriko al da? Ez ote dute dirurik galduko?
Ederki atera zen: 180 lagun inguru bildu ziren Leitzako herri aretoan. Gai ederrak prestatu zituzten gai jartzaileek bertso eskolako kideekin batera. Nik esatea ez da polit geratuko baino saio dibertigarria izan zen. Ikusleek bertsoei ederki erantzun zieten. Jendea oso pozik geratu zen. Ikasleek dirua atera zuten bidairako. Bertso saio bat antolatzeak suposatzen duenaz jabetu ziren. Eta abar, eta abar…
Berri oso pozgarria da. Baditugu bi gai jartzaile berri herrian. Bertsoarekin berez lotura handirik ez duen jendea etorri zen (ikasleen senideak, gazteak, lagunak…) eta gozatu egin zuen. Bertso saio bat antolatzeak funtzionatzen duela ikusi zen. Eta bai, hasieran esan bezala, antolatzailearen beldurrak presente egon arren, horrelako zerbait antolatzeak merezi duela ikasi dugu. Ez dezagula beldurrik izan!