2024-06-19
Animo
Super Bowleko atsedenaldian Cheerleaderrek eta Mortiroloko gainean mozorrotuta dabiltzan ikusleek funtzio bera dute teorian: esfortzu betean diharduenari laguntza ematea.
Animo –
Animoaren hizkuntza unibertsala txaloa da, eta tamalez beti gehiago jasotzen ditu aurrena doanak, ondoren dabiltzanek baino. Zarata ateratzeko berriz, askotariko tramankuluak erabili daitezke: plastikozko eskuak, puxika luzeak eta azken boladan Salomon markako zintzarriak ere bai. Urtero, maiatzean agertzen diren irudiek inbidia eragiten dute; beharbada, neuk ere igaro izana gogoan dudan pasabiderik ederrena Sancti Spiritukoa da.
Pentsa liteke arnas estu betean doanari mesede egingo diela zaletuen oihuek, horrek sufrimendu fisikoa jasateko euforia eman diezaiokeelako. Kanpoko norbaiten aholkua, lehiarako ikuspegi baliagarria izan daitekeen bezala. Ordea, aupadatik Labriteko harmailetako builara oso tarte txikia dago. Eta gomendioak gomendio, edozein pilotarik nahiago luke botilerorik onena baino, leon-kastilloan sakea alde.
Esfortzua fisikoa ez den kasuetarako ere eskaintzen da zorte ona. Zenbat azterketa gainditu ote dira ordea, gelara sartu aurrerik emandako babesak lagunduta…Akaso batzuei lagungarri zaie, eta badaezpada, inork vudu egitea baino, aukeran zorte ona opatzea nahiago.
Bertso saio bat litzateke adibiderik aproposena. Nik behintzat ez dut itxaropenik izaten, ezagun batek bizkarrean emandako kolpetxoak, errendimendu artistikoan egundoko gorakada eragin dezan. Edo lagunen pankartako hitz jokoek, errimategia aberastuko duenik. Norbaiti mesede egiteaz, animoek ematen dituenari egiten die, hura gelditzen baita bere esku dagoen guztia kunplitu izanaren irudipenarekin.
Urduritasun uneetan, zerbait estimatzeaz isiltasuna defendatuko nuke. Kontzentrazioari eusteko eta egoerari aurre egiteko ofrenda positibo bakarra.
Ez da horrenbeste denbora “dena ongi aterako da” zioten kartelak balkoietan zintzilikatu zirenetik, baina apenas guztia primeran irten den. Zortearen baitan abandonatzera goazen norbaitentzat, euskarri tranpatia dugu aterabide gozoaren promesa. Alerta mekanismoei kontra eragingo balie bezala da. Aldartea, umorea, energia…argi dago igo baino errazago jaisten dela esan hutsarekin. Beraz birritan pentsatu oholtzara ateratzeko zorian edo kirofanoko itxarongelan zain dagoenari ezer agindu aurretik.
Saioa bukatu ostean, erraz aurkitzen dira hitzak irabazlearengana zuzentzeko. Zorionak! Lan ona! Edo bejondeizula! Balekoak dira. Disgustura jardun denarekin asmatzea zailagoa izaten da; uneko mina arintzeko gezur txikiak esan, ikuspuntua aldarazi… eta batez ere entzuten jakin. Aldiz, saio kaskar baten ostean norbait are gehiago mintzeko sistema sinplea da: animo esatea. Horrela, batetik porrota guztiz objektiboa eta ukaezina dela egiaztatzen da. Bestetik, hondoratuta egotea dagokiola aurpegiratzen zaio. Esanaz bezala: egon goibel, zure zorigaitza onartu beharra, horretarako nahikoa motibo bada eta.
Lehenago edo geroago, denoi suertatzen zaigu beilatokian egotea. Kaxatik kanpo esan nahi dut. Gertutasunaren eta zirkunstantzien arabera gogorragoa edo eramanerrazagoa izaten da hango tramitea. Aitzitik, zeinen gutxi hitz egiten den euskaldunok dolua eskaintzeko ditugun esamoldeei buruz. Zoritxarrez, lorezko koroaren aurrean nengoela ondorioztatu nuen, gurean gehien errepikatzen dena gaztelaniatik hala moduz itzulitako “laguntzen dizut sentimenduan” dela. Zerbait zuzena esan nahi izaten da, aldi berean naturaltasunik galdu gabe. Neuri burura datozkidanek EGAko atariko probaren zaporea dute. Atsekabean lagun zaitut? Formalegia. Nire doluminak, sentitzen dut. Eleganteak. Eta komodina, Animo!