Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-04-04

Ameriketara bidaia

Ameriketara bidaia –

Ameriketara bidaia

Doinua: Nigarra begian

 

Martxoa zen bi mila

ta hogeita bosta

Amerika aldera

egin dugu ospa

Abioiko bidea

ez zen gutxi kosta

Eguerdirako heldu

ginen ozta-ozta

 

 

Ez genekien hango

izen-abizenik

ez genekien bertan

zen guztia zenik

heldu eta euskaraz

ez nuen uste nik

Etxetik horren gertu

egongo ginenik

 

 

San Frantziskon zubira

(eta ez alferrik)

eraman nahi gintuzten

hainbat lagun berrik

Gero euskal etxera

han ez zen okerrik

Maiz ez da ezagutzen

hain leku ederrik

 

 

Gero bertso saioa

bertan larunbatez

denok hartu genuen

halako poz batez

kantuz aritu ginen

hitz bakoitza maitez

ospatzetik gehiago

baitzeukan izatez

 

 

Bertsoak inglesera

itzultzea xede

euskaraz ez zekien

harentzat mesede

Baina seguru egin

genuela geure

Itzultzea merezi

ez zuenik ere

 

Ameriketara bidaia

 

Igandean Chinora

ahal zen bezala

han bigarren saioa

bete-bete sala

aprobetxatu behar

baikeguen hala

Motorrak berotuta

generamatzala

 

 

 Hau bukatu ostean

nahi duzu jakin non?

pozik pasa genuen

astetxo bat Chinon

Etxe baten beroak

nola ez egin on?

Halako maitasunik

ez zegoen inon!

 

 

Lagunarte ederrak

preziorik ez du

Iluntze ederrean

zeru gaina belztu

Bertso zaharrak oroitu

berriak abestu

Holakorik ez nuen

sekula amestu

 

 

Zenbat mahai inguru

gau ta egunsenti

kabi goxoan hotzik

ez liteke senti

Zaila da inon hartzen

han baino hobeki

Oroituko ditugu

egun hauek beti

 

 

Euskaldun izan eta

irauteko sena

da diaspora bizi

mantentzen duena

baina nola aldatu

ohi den sentipena

joanean poza ta

itzuleran pena

 

 

Hauxe izan da dena

kontu ta istori

honi jarri nahi nion

bertso bat edo bi

Segi lanean gogor

beti bezain ongi

Ea ez den eteten

inoiz kate hori

 

Ameriketara bidaia

Ameriketara bidaia