2019-04-11
Amatxi kontaidazu
Amatxi kontaidazu –
Doinua: Aittittena (Papa cuentame otra vez)
Amatxi kontaidazu
emakumeen egia
nolatan zure negarrez
bustia dudan begia?
Bertsolari izatea
omen zen zure ametsa
baina emakume jaioz
ez zen hain gauza errexa
Zazpi haur kabitzea
horren sabela estuan
erre zituzten sorginen
erratza beti eskuan
askatasun egarrian
bizitzaren uholdeak
lurrun bihurtu zituen
sukaldeko baporeak
Ama ba al dakizu
amatxik ez zekiela
bertsotan ikasi nahi
ta debekuen krudela
Zu ere ez ote zabiltz
jarraitzen haien eskema?
Izan zaitez nahi duzuna
eta ez nahi dutena
bertsolari izan nahia
ahaztuta aspalditik
ez al zara emakume
emazte izan aurretik?
Amona txikitu zuten
ta zu ezin izan handi
ez zinetelako izan
izango naiz bertsolari
Emakume bertsolari
ausarta eta gaztea
baina benetan ote naiz
amatxi bezain askea?
Egoera hobetu da
hortan ados da kritika
emakume langileen
lanaren indar polita
Sistemak ezin ditu
sekula isilarazi
Nahiz beldurtu zuten ama
eta baztertu amatxi
Emakume guzti hauen
botza entzuterik bada
Besteei gertatu zaie
baina besteak gu gara.