Ainhoa Agirreazaldegi

Amatasunak (lehengo) mundutik isolatzen zaituenean

Amatasunak

AmatasunakBatzuetan izaten dut hogeita hamar urte lehenago jaio ez izanaren pena. Izan ere, pauso oso azkarrean egin ditugu aldaketak eguneroko bizimoduan eta, ez oso norantza osasuntsuan: bizimodu komunitarioaren galera, auzokoek elkar laguntzeko ohiturari joaten utzi izana, etxepekoekin harremanik ez lantzea, jendearekin hitz egiteko patxada galdua, liburuak sarri-sarri irakurtzeko ohitura ia desagertua…

Egonarriak zituen gure aurrekoen bizimoduak. Gure aurreko bizimoduak ere bai, horregatik begiratzen dut nostalgiaz atzera. Eta esanahi bikoitza egonarriek: pazientzia, eroapena eta patxada batetik; oinarria, zimendua edo fundamentua bestetik.

Pentsa ze bi ezaugarri eder diren horiek edozeinen bizitzarako: pazientzia eta zimendua. Eta zer esanik ez ama (aita) lanetarako. Are gehiago, esango nuke haur jaioberria eskuartean dugunetik (askotan baita haurdun gaudenetik ere) bi ezaugarri horiek landuz joaten garela. Beharko landu! Nola bete guraso-lanak, oinarriak garbi izan gabe. Eta pazientziarik gabe? Erotu…

Bada, gaurko mundu maiz azkar eta azaleko honetan egokitu zait niri ama izatea. Modu asko daude amatasuna bizitzeko. Nirea, beste gauza askoren artean, lotua da. Oso lotua. Bularra denbora luzean emateagatik batetik; etxetik kanpo lanaldi osoz lan egitearen ondorioz bestetik, etxera iritsitakoan ama (aita) zurrupatu nahi izaten baitute haurrek. Eta ez da erraza, haurrak txikiak direnean, ostiral, larunbat edo igande batez, esaterako, kulturarako (esan nahi baita, zeure buruarentzako) eskubidea hartzea. Gure zaharrenak bost urte beteko ditu aurki eta, “jo, ama, orain ere bazoaz?” esaten dit, hilean behin, bai, bai, hilean larunbat batez izaten dudan ikastaro batera joaten naizenean.

Horregatik, amatasunari dagokionez, eskerrak ematen ditut –ez dakizue hilean zenbat alditan− gaurko garaietan izan naizelako ama. Gure etxean haurrik ez zenean, irentsi egiten nuen kultura: antzerki-obrak, hitzaldiak, filmak, bertso saioak, liburuak… Amatasun lotu horrek, urte batzuetarako bederen, isolatu egiten zaitu mundu askotatik. Kultur-mundutik, esaterako. Eta hortxe dago, askotan isolatzaile nagusitzat dugun hori bera, Internet, isolatuak munduarekin lotzeko. Alaba zaharrena jaiotzearekin bat ezagutu nuen Interneteko konexioa duen telefonoa. Inork ez daki zenbat artikulu irakurri nituen sarean, gaueko ordu txikitan ohean edo egunez sofan eserita, orduak eta orduak ematen nituenean.

AmatasunakEta neurri batean, Interneti esker ez naiz erotu edo depresio ilun batean sartu. Internetek eman dit munduaz oro har, politikaz, euskalgintzaz, feminismoaz, edo kulturaz irakurtzeko aukera, isolamendu garai honetan. Interneti esker ezagutu ditut arlo horien guztien eboluzioak.

Amatasuna esan dudan bezalaxe, esan nezakeen zahartzaroa, edo ezintasun fisikoren bat, edo gurasoen zaintza, edo gaixoaldi luze bat… Horietan guztietan –eta jende asko da egoera horietakoren batean dagoena−, bertsolaritzari jarraipena egiten dioten orriek, hamaika bertso-saio, elkarrizketa edo erreportaje patxadatsuren bidez, bertsozaleak bertsoarekin lotzen ditu, isolamendutik atera, eta kultur-mundu horretara noizbait itzultzen bada, tarteko eten fisikoa eten mentala izan ez dadin eta munduarekin batera eboluziona dezan aukera ematen dio.

Ufa! Zenbat alditan eman didan arnasa Internetek!

Amatasunak  
Amatasunak