2022-02-10
Amari amaz
Amari amaz –
Doinua: Etaren su etenetik
AMA:
Senarra, alaba ta ni
(Ohiturak ohitura dira)
telebista ikustera
goaz salaren erdira.
Baina ze tripako mina
albiste baten harira:
“haur bat abandonatu da
motxila batean, tira.”
Alabari ezin nion
begiratu aurpegira.
Ezin izan du jarraitu
albisteari begira…
aurpegia estali du
eta negarrez hasi da.
ALABA:
Telebista itzali dut
egon gintezen bakean,
baina malkoak ixuriz
bukatu dut mantapean.
Haur bat utzi dutelako
urte batekin parkean,
eta bat batean amak
“ondo zaude”? esatean:
Amorratuta lotu naiz
iraganaren katean,
jakin nahi ez nuen hori
galdetzen nuen artean:
“ni ere utzi al ninduten
kontenedore batean.”?
AMA:
Amarekin bizi zinen,
ez behar bezain gustora.
Zu zinen bere aingeru
baina deabru zen droga.
2 urte zenituela
diputazioko froga:
“edateko bizi den bat
ez da iristen inora”.
Berari esker iritsi
Zinen zu gure ondora.
Amak eskua askatu
baldin bazizun gerora,
zaila da ulertzen baina
maite zaituelako da.
ALABA:
Ezagutu nahiko nuke
noizbait nire ama zena.
Ezagutu nahiko nuke
jarri zidana izena.
Ezagutu nahiko nuke
lapurtu niona sena.
Sarritan planteatu dut
2.aukerarena.
Baina galdera bat daukat
erantzunik ez duena:
Ez ote da uzteko gai
dependentzien problema,
parke batean alaba
uzteko gai izan dena?
AMA:
Txuri beltzeko munduan
ederra da ortzadarra.
Galdera bakoitzak dauka
erantzun baten beharra.
Urte batzuk igarota
egin nahi dizut oharra:
gainditu nahiko bazenu
adiskidetzeko marra:
bera ados egongo da
ez delako ezer txarra,
eta guk ere jarriko
dugu horretan indarra.
zuk bi guraso dauzkazu
ta guk alaba bakarra.
ALABA:
14urte hauetan
ez dut galderarik egin,
nahiz eta nire barruak
erantzunen bila ekin.
Ni nire lehen amaren
desberdina izan nadin,
nola bihurtu dezaket
berdintasuna desberdin?
Nahiz eta min hartu dudan
esan gabeko hitzekin,
nahiz eta jada 16
urte dauzkadala jakin.
Gaur gauean lo egingo
dut aita ta amarekin.