2024-10-03
Amaierarik gabe
Otordutako saioak izango dira bertsotan gehien disfrutatzen ditudanak ziurrenik. Ahalegin oso handia eskatzen duten arren, izugarri gozatzen dut ederki kostata ekarri ohi den lehen bertso horretatik abiatu eta hortik ordubetera edo bi ordura botatzen duzun azken bertsorainoko bidaia hori.Tartean denetarik senti dezakezun bidaia hori. Batzuetan ezintasunetik ahal bezain txukun eusten… bestetan aisago, entzuleekin konektatu eta giro ederra sortzea lortuz… konplize bihurtzen den bertsokidearekin ongi moldatzea beti ez da lortzen…
Amaierarik gabe –
Baina orokorrean, bai zailtasunetatik ongi irtetea lortu izanagatik nola bertsotan ongi aritu eta publikoarekin konektatzea lortu izanagatik, etxera asebeteta itzultzeko aukera ematen dute. Batzuetan dezepzionaturik ere bai, noski. Ezinezkoa da beti ongi irtetea!
Esango nuke libreko saio horien arrakastaren klabeetako bat erritmoan dagoela, bertsotik bertsorako tarte hori ahalik eta laburrena izatean. Eta ez da erreza azkar eta ongi egitea.
Ongi gogoan dut nere lehen bertso afaria. 16 urte inguru genituen. Bertso eskolan hasi berri xamarrak ginen, bertsoa amaieratik hasten zela ikasi berri, eta Joxema Leitzak, gure irakasleak, afaria lotu zuen Urdiango elkarte batean, Korrikaren aitzakipean oker ez banago. Kanturako Joxema bera, Joseba Beltza eta hirurok. Azken orduan Joxemak ez zuen etortzerik izan eta Josu Etxanoberekin joan ginen.
Garai hartan bertso osoa pentsatu, memorizatu eta ondoren hasten ginen kantuan. Ez zen beraz erritmoagatik nabarmendu saioa! Hala ere kantuan aritu ginen ordu pasatxo hartan lortu genuen, gure ahalmenaren eta mailaren barruan, bai entzuleak bai gu pozik uzteko moduko saio txukun xamar bat egitea. Entzuleak harrituta eta eskertuta, ez baitzuten uste bailareko gaztetxo haiek bertsotan horrela egin zezaketenik. Eta gu, zer esanik ez! Poz-pozik eta harro itzuli ginen etxera. Probatu aurretik, egiteko gai ez ginela uste genuen gauza bat egin berri! Guretzat ere deskubrimendu bat izan zen.
Ondoren gonbidapen gehiago ere etorri ziren eta esperientzia batzuk hobeak, besteak okerragoak, ikasketa ederra izan ziren.
Baina gaztetxoaren eta hasi berriaren barkazioak bukatuta, exijentzia maila igotzen hasi zen eta orduan jada berriketarik ez! Exijentzia maila eta ardura handitzean ohartu ginen bertso osoa pentsatu eta ondoren kantatzen hasteak ez zuela balio. Entzulea ezin zela zain egon eta bertsoa hasi beharra zegoela lehenbailehen. Batzuetan bertsoa hasieratik hasi beharra zegoela, amaiera bat pentsatzeko denborarik ez zenuelako…
Izugarri kostatu zitzaidan pauso hori ematea. Erritmoa ez apurtzearren bertsoa nola bukatuko duzun jakin gabe hastea, alegia. Norbere ahalmenean sinistea eta konfidantza izatea beharrezkoak dira horretarako eta niri horiek berandu etorri zitzaizkidan.
Hala ere, behin neure buruari gaitasun hori onartuta, estualdi horiek plazererako bide direla uste dut. Gozamen handia da ataka estu horretatik erori gabe irtetea lortzen duzunean. Batzutan bertso onak ere irteten dira, pentsa! Bertsotan ari zarela hori baino plazer handiagorik, gutxi!
Izaten dira amaierarik gabe hasi eta amaieraraino arrastaka iristen zaren bertsoak ere noski! Zure sufrimenduaz zerorri ez ezik inguru guztia ohartzen delarik. Horrelakoetan pasatakoa ahaztu eta segi!
Beno, ahaztu ahaztu… Saioan bertan akaso bai. Buruko minak ondoren etortzen dira. Ohera sartu eta lorik ezin hartu, zenbat buelta ihes egindako bertso horiei!
Eta gauza hauetan pentsatzen nenbilela, zenbait ostiral edo larunbatetan tabernara irteten naizenean antzeko zerbait gertatzen zaidala ohartu naiz. Zortxiko txiki baterako intentzioz hasi, amaiera ahaztu eta plazererako bideetan galdurik igerian bukatzen dudala!
Amaieraz akordatzen naizenerako hurrengo goiza eta ordurako, buruko mina galanta!