Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2024-03-06

Amaiera bat

Azken espuela bat. Bukatu da bertso-erronda, eta urteek hegan egiten duten sentsazio nostalgiko batek aztoratu dit gorputza.

Amaiera bat –

Amaiera bat

Ikasle garaia, parranda, astearteak, ostegunak, afariak, agurrak, ikasle berriak, bertsolari berriak, Santutxuko bertso-eskola, ikasle-pisuetako bertso-entrenamenduak, gitarrak, porroak, kañak, pirak, mozorroak, lagunak, ligeak, antzokia.

Agur arraro bat, koplak, jolasak eta bertsoren bat edo beste. Sariketak besterik ezagutu ez dituen ikaslearentzako arnasgunea izan daiteke, poto batek eragin gutxi izango du eta puntuazioan; ah, ez, ez dago puntuaziorik, eta ez du inporta. Lehenengo edizioan final alternatiboa ere osatu genuen finalera pasatu ez ginen guztiok.

Saio bat ez delako saio huts bat, horren atzean gertatzen den guztia baizik. Saio batek bertsofrikismora bultzatu zaitzake edo autoestimua hauts diezazuke. Saio bat dela eta agurra binaka prestatu behar izanaren ondorioz aurki dezakezu lagun berri bat, eta bertsotarako espazio bat. Saio batek eman diezazuke arnasa, etxetik ateratzeko arrazoia, triste zaudenean ilusioa, monotonian aldaketa, edo kontrako guztia.

Gauzak hasi eta bukatu egiten dira, eta lehen baliagarri zena orain agian ez da. Ariketa zaila da zikloak ixtea, momentu egokia noiz den jakitea. Politak izan da bide honetan aurkitutako jendea, baita eman zigun elkargunea ere, eta ziur nago gaur egun ez nukeela bertsoarekin dudan harremana izango, bertso-errondagatik izan ez balitz, besteak beste.

Har dezagun azken espuela, beraz, ostegunean.

Amaiera bat