Oihana Bartra
Oihana Bartra

2017-01-10

Amaiera

Amaiera da bertsotan lehenengo pentsatu behar omen dena. Azken puntua. Edo hori esan digute beti bertso eskolan. Baina zer da amaiera bat? Amaiera aurrera egiteko, hurrengo bertsoarekin jarraitzeko, bidea da. Azken puntua baino, puntu eta jarrai. Bizitzan bezala. Gauzak hasi eta amaitzen dira. Edo hasi eta aldatu. Edo hurrengo etapari (bertsoari) bide ematen diote.  

Barkatu, baina ez nago bertso-irakasleekin ados (neu ere izana naiz horietako bat). Ez dut uste amaiera denik lehenengo pentsatu behar duguna. Sentsazioa daukat beti ari garela amaierari begira, azken puntua noiz helduko zain; tarteko guztia moldatzen goazela etengabe, aldez aurretik buruan hamar zortzira ekarrita daukagun amaierarekin bat egin dezan. Ez al da bidea (betelana) garrantzia duena? Amaiera helduko da heldu behar denean, edo agian ez da helduko, edo heltzen denerako hasieran pentsatuta genuenak zentzua galdu eta beste amaiera bat pentsatu beharko dugu.

Eta, bitartean, inprobisatu.

Amaiera

 

Denek esaten didate
Nahikoa autoritate
Balute bezala nola
Bizi behar dudan hil arte

Daukazun lanpostu finko
Horri eutsiozu tinko
Egungo gazteek ez dute
Suerte berbera e(d)ukiko

Kirol denetan izerdi
Eginez gizonei segi
Baina ez izan hobea
Ta ez gihartu gehiegi

Txapelketako plazara
Joateko unea pasa da
Pixka (ba)t segi dezakezu
Polit joaten bazara

Filtro batzuk zabalik ta
Igual lehengo txabalita
Zarela eman dezake
Zimur batzuk estalita

Nire ustez zaude ederren
Gizon ezkertiar liderren
Antzerako iritzia
Emanez gero Twitterren

Iritzia adierazi
ta pixka bat feminazi
Zarenetik ez didazu
Egiten hainbeste grazi

Orain zaude sasoiz ama
Izan zaitezen Oihana
Ta ahal bada soilik umeengan
Pentsatzen ohi dana

Ez baduzu umerik uzten
Hastean belaunak puzten
Astean behin nor joango da
Egoitzara zu ikusten?

Antzinako iritzi zen
Hori zaila da isiltzen
Neska, noiz hasiko zara
Behar den bezala bizitzen?

Inoiz segiko dut plana
Ta inoiz aldatu dana
Batzu(e)tan diostatena
Ta besteetan nahi dudana