Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-04-02

Altxa eskua

Altxa eskua –

Denok dugu hau amaitzeko gogoa, lagunekin eta senideekin batzeko gogoa, kalera irten eta lasai paseatzekoa, lagunekin tabernan trago bat hatzeko gogoa, elkar besarkatzekoa, eta aurrez aurre kontuak kontatzekoa, edozein herritako plazan bertso saio bat entzuteko gogoa. Baina, orain berrogeialdiaren alde positiboei begira jarriko gara, tristezian ito aurretik.

Altxa eskua

 

Egia da ez ditugula famatuen etxeak, gimnasio eta piszinarekin; mundu guztiak ez dauka landa handi bat, ezta balkoia ere; txakurrik ez duzuenok auzokidearen inbidiaz, eta dendara pare bat bidai egiteko edozein aitzakia da ona, ez ala?

Esan bezala, tristezian ito aurretik dauden alde ona ikusten ahaleginduko gara. Ea, erantzuidazue, zenbat koadrilatan pasa da zapatu normal batean baino lagun gehiago batzea bideodei batean? Tristea da baina gertatu da, bai. Zenbatek deitu duzue zuen aittitte-amumarenera egunero lehen astean behin deitzen zenutenean? Tristea da bai, baina gertatzen ari da. Esaten dute tristurarik gabe ez dagoela pozik, beraz, ez da hain txarra izango.

Altxa dezala eskua azken asteotan bizi guztian zehar baino bertso idatzi gehiago egin dituenak. Altxa eskua, nork du kideren bat bertso eskolara astero justu heltzen zena edo kale egiten zuena eta orain lehenengoa dena taldean idazten “Zer, gaur ere egingo dugu bertsotan”?. Zuetariko zenbatek egin duzue astebetetan bideodeien bidez aurreko hilean baino gehiago bertsotan?

Ez pentsa ni ez nagoenik eskua altxa eta altxa galdera bakoitzeko. Kontua da, etxean egoteak baduela bere alde ona, lasai irakurri eta idazteko tartea daukagu, pentsatzeko eta hausnartzeko momentu ederra da hau, sormenari bere bidea egiten uztekoa, landu ez ditugunak lantzeko garaia… laburbilduz, nahi duguna eta nahi dugun moduan egiteko momentua da hau. Gainera, inork ez gaitu ikusten eta publikoaren presiorik gabe gauzak errezagoak direla ematen du; geure buruari urrunago, altuago eta azkarrago uzten diogu hegan egiten.

Beraz, aprobetxa dezagun denbora, batu gaitezen egunero bertsotarako pantaila aurrean, kendu hautsa aspaldi errimak lantzeko erositako koaderno polit horri, idatzi idatzi beharrekoak prosaz zein bertsoz. Batu lagunekin etxeko salan garagardo batekin, irakurri apalean itxaron zerrendan dituzun liburuak, asko jan eta garbitu eskuak. Aprobetxa dezagun denbora eta ez ito tristezian, denak du alde ona eta!

Altxa eskua