2024-08-28
Alperrik
Birao polita iruditzen zait sokormazo hitza. Gutxi darabilgun arren, norbaiti baboa edo ergela deitzeko balio lezake. Izenak berak dion bezala, tresna hau soroko lur zati handiak kolpez jo eta xehetzeko da. Antzeko funtzioa du alper harriak ere. Azken boladan etxe atarien apaintzera bideratu den arren, izatez ganaduarekin tiraka lurra leuntzeko balio du harrizko zilindro astun honek. Jatorria zein duen askorik jakin gabe erabiltzen den tresna da galbahea ere. Bahea, gariarentzat denean gal-bahe, sare bat da neurri ezberdineko zulo mailak izan ditzakeena. Haietarik gari alea kabitzen da baina lastoa ez, sistema horrekin bereizten dira beraz baliozkoa eta soberakina.
Alperrik –
Azken urteotan biralizatu den piztiaren bertso sortan, erlea eta inurria famatzen dira, lanerako duten prestutasuna azpimarratuz:
Inori ez dio ezer ostutzen/ berak egina jaten du/ langile danak alkar hartu ta/ alperra ito ta kendu/ guk ere askoz hobe genuke/ hori egingo bagendu.
Ez da gutxiagorako, alferkeria edo pereza, zazpi bekatu kapitaletako bat baita, zikoizkeria eta harrokeria bezainbat, tradizio kristauaren arabera.
Ikasle garaian, asko ikastea ez dago ondo ikusia klaseko lagunen artean. Irakasle edo gurasoekin eztabaidan besterik da, baina gainontzeko nerabeen aurrean inork ez du aitortzen azterketetarako ordu luzez aritu denik. Badirudi azterketako emaitzak meritu handiagoa duela zenbat eta gutxiago saiatu horretarako.
Lan munduan, tokatu zaizkit zenbait profesional, beren postuetan oso arduratsu eta estimatuak direnak, eta oinarrizko ikasketak besterik egin ez zituztenak. Ikasle garaiko kontuak aipatzean, antzeko gauzak errepikatzen zituzten: “ni ez nintzen ikasle txarra, baina alperra bai. Erraz ulertzen nituen gauzak, baina batere ikasteko gogorik ez nuenez, kolpe zorririk jo gabe pasa nituen kurtsoak eta ahal bezain azkar utzi nuen eskola”. Beharbada harrotasun kontua da inork ez esatea kontzeptuak arraroak zitzaizkiola eta saiatu arren kosta egiten zitzaiola ulertzen. Errazago aitortzen da alferra izatea tontoa izatea baino.
Arbeit macht frei gezurra zen. Eta Arizmendiarrietaren jakintzak askatuko zaitu ere nahikoa lan.
Kirolean eta artean antzera pasatzen da. Gutxi entrenatuta emaitza onak lortzea genetikaren meritua da, asko entrenatu eta motela izatea berriz lotsatzeko motibo. Behin maila batetik aurrera, ezinbestekoa da biak elkartzea: prestakuntza eta sehaskatik jasotako igurtzi bat. Bertsotan, kostata baina berezkoaren teoria alboratu samarra dago jada; inspirazioak lagundu diezazuke, baldin eta lanean harrapatzen bazaitu.
Baterako ez bada besterako, ezertarako balio ez duenik ez omen da. Zientzietan traketsa denak musikan izango su abilidadea, eta xakean ongi moldatzen dena informatikan izan daiteke aldrebesa. Aspaldiko batean, Zepai bertsolaria entzuleen artean zela, apaiz batek sermoian esan izango zuen jainkoak ez zuela alperrekorik egin, eta munduan sortutako guztiak zuela bere eginkizuna. Orduan, Zepaik kontra egin eta ezertarako serbitzen ez zuten hiru gauza behintzat bazirela zerrendatu zizkion: “Gizonezkon titik, eunez ilargi eta itsesuan ebii”.
Aurreko batean itsas ertzetik pasaeran nindoala, pareta kontra jarrita alper harria izandako bat ikusten nuen. Puskatuta zegoen, erdiz alde batera dezenteko zatia falta zuela. Koska zuzena izan balu, gainean eseri eta jarlekutzat balio zezakeen sikiera, baina etzanda ere oker gelditzen zen. Ondorioztatu nuen harexek izan behar zuela alperrikakoa; ezertarako balio ez duena.