Joanes Illarregi
Joanes Illarregi

2021-03-25

Alfonbra gorritik lokatzera

Alfonbra gorritik lokatzera –

Ikaragarrizko beroa ematen duten eta bertsolaria itsutzen duten foko handiak, 200 ikusle edo gehiago sartzen diren (baina 70entzako soilik baimenduta dauden) aretoak, BEC edo Navarra Arenarako balioko luketen soinu ekipoak, gutxienez metro bateko altuera duten oholtzak, entzuleen artean ezagunak ezin identifikatu, ezin publikoaren aurpegi keinuak ikusi bertsoa amaitzerakoan, benetakoak edo konpromezuzkoak diren antzeman ezin diren txaloak… Hori bihurtu da bertsolaritza (halabeharrez), asunto serio bat. Gaur egungo bertso saio batek antzekotasun gehiago ditu Oscar sarien banaketa emanaldi batekin, tabernan lagunarteko tarte batekin baino. Ez dago erantzule bila hasterik; are gutxiago hatzamarraz seinalatzerik, ikusezina den hura baita erruduna.

Baina inertziaz jarraitu dugu saioak antolatzen, kultura segurua delako. Eskertzekoa eta txalotzekoa da eginahalak eta bi egin dituzten antolatzaile guzti horien jarduna, garai ezegonkor hauetan bertsolaritza bizirik mantentzearen aldeko hautua egiteagatik. Bide horretan ordea, albo batera geratu zaizkigu bertso saio mota batzuk, espazio batzuk eta giro batzuk, nire kasuan behintzat bertsolaritzari eta bertsoari zentzua ematen ziotenak: mahai bueltako saioak otordu baten ondotik, herri txiki bateko gazte asanbladak gaueko 22:30ean gaztetxean antolatutako bertso saioak, herriko festetako gazte egunean tabernaz-taberna egiten zen bertso poteoa, pare bat trago gehiegi hartzeak askorik axola ez zuten saioak (entzuleek beste pare bat gehiago hartu zituztelako), politikoki zuzena izatea gaizki ikusita zegoen bertso saioak…

Urtebete egon gara txintxo, eusten, kate motzean lotuta eta kezkaz beteta. Orain ordea gaiztakeria behar dugu, lagunartea, gozamena, desfasea… Eta lehen horretarako tartea eskaintzen zigun bertsoak. Gaur egun berriz dena neurtuta egon behar da, ofizialki egokia izan dadin. Ez dira garairik egokienak nahi dugun hori egiteko, egin nahi dugun horri buruz amets egiteko garaiak direla esango nuke. Horregatik amesten jarraituko dut luze baino lehen beteko delakoan, bertsolaritzari alfonbra gorria kenduko diogula, zapatilak erantziko ditugula eta lokatzetan sartuko garela belaunetaraino; bertsoak aterako dizkigutenaren beldurrik izan gabe.

Alfonbra gorritik lokatzera

Alfonbra gorritik lokatzera
Arg: Ildar Sagdejev (wikimedia)