2022-02-09
Aitatasuna
Aitatasuna –
Doinua: Sagutxo txikiekin
Gaur dela harmar urte
egin nintzen aita,
orduztik nabil gure
txikiei jarraika.
Une gogorrak batzuk,
gozoak hamaika,
horietako zenbait
nahi nituzke aipa,
pasatu zaidan gauza
ederrena baita.
Lo egiteko txarrak
lehen bi urtetan,
ordu txikitan esna
jira eta bueltan,
Amonak esan zidan
“ez egon penetan,
istori merezia
duk hori benetan,
heu ere halakoa
baitintzen umetan”.
Etxean deskantsurik
nola ez zegoen,
kotxea eragiten
bazen nahiko kemen,
une batez isilik
baitzeuden bederen,
ohituraren ohituraz
pentsa, mekasuen,
Eroskiko gurdia
eragiten nuen.
Oinez ikasi eta
jolasteko grina,
parkea bihurtu zen
nire ofizina.
Txirristan, zintzilika,
orduak, makina,
horrela etorri zen,
zeinek imajina,
zabuari bultzaka
besotako mina.
Pirritx eta Porrotxen
zinta ehun aldiz,
Astonauta kantatu
dugu behin da berriz,
Ipuin bera sei bider
esana da Felix,
erotuta nengoke,
esaten dut egiz,
halako zoriona
sortuko ez balitz.
Pixka bat hazi eta
akabo txirrista,
eskola bukatzean
zeinek segi pista.
Euskal dantza, musika,
makina artista,
kirola ez dugu ba,
utziko erdizka,
aita bihurtu zaigu
etxeko taxista.
Ibilerak ez dira
oso erosoak,
eta denen premia
daukate gaixoak.
Aita-amek watsapp-ez
nolako pausoak,
hasten dira nahasteak
eta erasoak,
haurren gauza txarrena
dira gurasoak.
Umeak izateak
badu bere mauka,
haiekin ikasten da
tirriki-tarraka,
txorien txanda orain,
aukera aparta,
txirrina, hegabera,
txonta, marikaka,
etxean haur bat dunak
mugarik ez dauka.
Aurretik izan nintzen
saltsa denen arrain,
bikotea jartzeko
askotan buruz gain.
Umeak izateak
lotura du ordain,
Felix Zubia zena,
niretzako bikain,
Jon da Olatzen aita
bihurtu da orain.
Nahiz batzuetan egon
zoratu antzean,
nahiz eta onak txarra
eduki atzean,
bi lore sortu ziren
nire bihotzean,
eta sari eder bat
egun bakoitzean,
haien besarkada bat
etxera heltzean.