2021-03-31
Ahuakatedun tostadak gosaltzeko
Ahuakatedun tostadak gosaltzeko –
Erritualez betetako bizitza daramate batzuk. Goizean jaiki eta ohea egin, aurpegiko xaboi espeziala eta krema, gosaltzeko tostadak ahuakatearekin, kafea olo esnearekin, lantegirako arropa jantzi eta ateko sarrailari hiru buelta emanda irteten dira batzuk. Tartean pausuren bat ahaztuz gero, egun txarraren seinale batzuentzat.
Zer esanik ez andamio azpitik pasatzen ez diren horien erritualak, baldosetako marrak eskibatzen heltzen direnak lanera. Bueno erritualak erritual, ohiturak ohitura, eta maniak mania bakoitzak egin dezala nahi duena. Onartu behar dut neu ere nahiko “tikismitisa” naizela eta nire errutinaren barruan zer edo zer deskaudratu edo desordenatzen denean…malo!
Horren adibide argia dugu saio aurretik jarraitzen ditudan nire erritualtxoak. Hau da, niretzako saioa ez da hasierako agurrean hasten, saioa ez da kantatu aurretik kantukideekin batzen garen momentuan hasten, saio ez da ordubete lehenago hasten. Segurtasun ezak aurreko egunean hartzen nau gutxienez, ez bada astebete lehenago, eta hasten naiz hasierako agur posibleak pentsatzen, proposatuko ditudan doinuen zerrenda bat mentalki antolatzen, arropa erosoa probatzen, tripako korapiloa gehiago estutuko ez didan janaria sukaldatzen… Segurtasun arazorik bako jendeak zer nolako erritualak jarraitzen ditu? Edo ohiko ahuakate tostadekin nahiko da?
Eta zelan ez kotxeko bidaia, hori da erritualetan erritualik handiena. Etxetik irten aurretik denbora dago hainbat gauza egiteko eta pentsatzeko, baina, behin kotxea hartuta listo, mentalizatu eta kantatzeko prestatu behar izaten da norbere burua. Nik horrela esaten diot neure buruari “Enare, listo dau, urteten deuenak urtengo deu eta punto.” Eta egi santua da hori, irteten dena irtengo da eta ez buelta gehiago eman sabeleko korapiloari, gehiegi estutzea ez da hona eta. Eta neure buruari hori esan ostean, lasaitzeko asmoz baina emaitza handirik gabe, bolumena igo eta altu hasten naiz kantatzen: FLYING FREE!
Hobe gehiagotan joango banintz flying free plazara, andamio azpi batetik pasa naizela pentsatu gabe; bai, neu ere horietakoa naiz.