Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-06-03

Ahotsik gabeko nire plaza

Ahotsik gabeko nire plaza –

Esateko horrenbeste gauza ditugunean, hitzak ordenean jarri nahi eta ezin ditugunean, entzulea aurrez aurre dugunean eta hitzik irteten ez zaigunean, orduan geratzen gara ahotsik gabe. Hanken dardarak arnasa estutzen digunean, eskuak izerditan blai ditugunean, begiak ehun kilometro orduko abiaduran zabaldu eta ixten ditugunean, eta begirada lausotzen zaigunean, orduan ere, ahotsik gabe geratzen gara.

Ahotsik gabe geratzea, isilik geratzea, edo dena delakoa ez dakit ahultasunaren seinale ez den. Plazan, jendaurrean, mikrofonoa eskuetan ahoa zabaldu eta bertatik hitzik atertzen ez dela amesten dut sarri, askotan errepikatzen zaidan ametsgaiztoa da. Baina, zer egin daiteke ordea? Inoiz gertatuko balitz zer egingo nuke?

Ahozkotasunaren menpe gaudenok ematen du ezin garela ahotsik eta are gutxiago zer esanik gabe geratu, ez urduritasunagatik ez angina batzuen erruz ere. Baina, batzuetan gertatu egiten da, eta ezin gara plazara irten. Bakoitzak bere plaza bilatu behar izaten du horrelakoetan, eta testu xume hau da nire plaza.

Ematen du munduaren amaiera dela, ahots indartsurik gabe ezin dela deus aldarrikatu, ez txisterik kontatu, ez albokoari zenbat maite duzun esan ere. Baina, dena esan daiteke, izan idatziz, posta bidezko gutunen xarma berreskura genezake, kontu handiz eginiko letrak, postaletako argazkiak, txupatuta pegatutako zigiluak,…gutun bidez kontatu daitekez kontuak, eta masailean musu bat emanda ere esan daiteke “maite zaitut”.

Esan nahi duguna esateko mila modu daude beraz, eta nik esan nahi nuena zera da, angina batzuen erruz ez dudala ahotsik, baina hala ere, irakurtzen nauzuenok entzuten nauze eta ez dut besterik behar. Hau da nire plaza.

Ahotsik gabeko nire plaza

Ahotsik gabeko nire plaza