Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-02-20

Ahotsak

Ahotsak –

AhotsakAhotsak eztarrian sortzen dira eta haizean desagertzen. Haizeak, desagertu nahi ez duen zerbaiten usaina hartu du azken egunetan; herri honen aurkako debekuei plaza eskaini zien ahots bat isildu berri delako, akaso.

Uste zabaldua da bertsolaria herriaren ahotsa dela. Ez zuen zalantza handirik egingo, Azpillagaren determinazioa ikusi zuenak: “inportantia zan gai hortan bertsotan plazan eittie ze iñok etzun itten. (…) Gai librien izatezan ordun bertsotan eittia ta jute giñen lekun itxaropen hoixe izate zeben, Frankismuan kontra bersua botatzia”. Eta hark, ahotsa jarri.

Nik berandu ezagutu nuen bere figura; Lopategirenarekin batera iritsi zen lehen aldiz haren ahotsa nigana. Beste askok ere egingo zuten lehenago, baina gizarteko kezka, egonezin edota poz haiek herriarentzat lantzen ikusi nituenean zentzuz bete zitzaidan bertsogintza.

Agian (edo ez) eurei zor die egungo bertsolaritzak gizartean eragiteko ahalegin hori; badakit, nik, hein handi batean baietz. Eta hori opa diot bertsogintzari: ahotsak. Asko eta anitzak, gero eta anitzagoa den gizarte bati eragiteko modukoak.

Bertsolaria saiatzen da plazan pertsonaia desberdinen larruan jarri eta errealitate desberdinei abesten, baina polita litzateke kolore paleta hori zabaltzea. Umeei jartzen diegu ahotsa (eta jolas interesgarria da), baina eskolarteko gaztetxoak entzuteak ez du preziorik; lehen, emakumeei gizonek jartzen zieten ahotsa oholtzan eta orain emakume ahots desberdinak entzun daitezke; kanpotik etorrita euskaraz ikastea zer zen imajinatzen aritu eta euskaldun berriak entzun daitezke orain bertsotan … Pentsa, hori beste desoreka esparru batzuetara eraman ahalko bagenu!

Ahotsak eztarrian sortzen dira eta haizean desagertzen. Baina badira, biriketatik edo are, tripetatik sortzen diren ahotsak ere. Horiek ez dira ahots korden bibrazio soilak; horiek besteren birikak hauspotzen dituzte, tripetan gotortzen dira eta han irauten dute. Iraungo dute.

Hasten dena bukatu egiten omen da, beti. Baina beti hasten zena ez da bukatuko, derrigor.

Ahotsak