Manex Agirre
Manex Agirre

2023-02-16

Aho biko aiztoa

Aho biko aiztoa –

Teloia gora. Eszenatokia ilunpean dago. Bi pantaila piztuko dira bat-batean. Pantaila bakoitzean, aho baten lehen planoa ikus daiteke. Gaizki egindako bizarra lerratzen zaio okotzerantz ezkerreko ahoari; ezpain haragitsu parea ditu eskuinekoak.

Aho biko aiztoa

Gaizki egindako bizarra duen ahoa (GEB, hemendik aurrera) hizketan hasi da.

GEB. Zer pentsatua eman dit. Antton Lukuri entzun diot, Sakoneta podcast-saioetako batean, Kepa Matxaini zera kontatzen: Xalbadorrek Gipuzkoa behar izan zuela.

Ezpain haragitsu paredun ahoa (EHP, hemendik aurrera) zabaldu egin da, bokal borobil baten forman.

EHP. Oh!

GEB. Horixe. “Behar”. Bere gertuko ingurunean ez zuela aurkitzen bertsotan egiteko bere modua behar bezala jasoko zuenik, eta Gipuzkoan, besteak beste, Basarriren bertso-moldea eta txapelketen eskakizunak entzuleria moldatzen hasi zirenean, topatu zuela bere merkatu-nitxoa.

EHP. Uau. Zer pentsatua eman dizu, zer, eta aste honetan. Kasualitatea. Zer, eta mundu guztia kontra duen baina mundu (ia) guztiak bizirik mantentzen duten sare sozial horretan intelektual  banderizoen gerra berria piztu den astean, hain justu ere aipatu berri duzun lurralde historikoaren zentrotasunaren harira.

GEB. Hara bestea. Zer uste duzu, bada? Jolas parkean umeei begira nagoen bitartean, besterik gabe, hausnarraldian sartzen naizela? Deus ex machina baten modura etortzen zaizkidala pentsamendu goi-arnasadunak? Ni, nire garaiko pentsalari bat naiz: oinarri baten gainean hitz egiten dut.

EHP. Ondo ezagutzen dugu elkar: aspalditik jabetu behar zenuen oportunista samarra zarela.

GEB. Oh!

EHP. Bada, okasioak aginduta ideiak txirikordatzen ari zarenez, to: Uztapidek, Araba behar izan zuen.

GEB. Joino. Zein da oportunista orain?

EHP. Ixo. Harritzen nau hori ez jakiteak. Uztapidek “Lengo egunak gogoan” memoria-liburuan kontatzen du: Zurbaora bidali zuten hamasei urterekin, morroi. Tira, morroi… eta gaztelania ikastera. Gaztelaniarena ez zen zeharkako kontua izan, gainera: helburu bat izan zen. Uztapide horretara ere joan zen.

GEB. Tira, konforme. Baina orain ez zaitez etorri, ohi duzun bezala, bi kontu horiek lotu ondoren ateratako sasi-ondorioren batekin.

EHP. Oh!

GEB. Kaka zaharra. Hau aurrikusi egin behar nuen.

EHP. Irudipena daukat, lehen aipatutako txioherriko eztabaidaren harira,  bi kontu horiekin bazka ematen ari garela zentroa eta periferia modu mailakatuan erabiltzen dituztenei. Tira, modu mailakatuan erabiltzen dituzten batzuei: alegia, beren burua zentroan kokatzen dutenei. Ikuspegi horretatik, Xalbadorrek Gipuzkoa behar izateko arrazoia eta Uztapidek Araba behar izateko arrazoia, erdigunetik ikusita, aizto berberaren aho bi dira. Bata, onuragarria, bigarrena, kaltegarria. Aldiz, periferiatik begira dagoenari, esango nuke baliagarriak iruditzen zaizkiola bi ahoak: ebaki beharreko okela-zatia ondo aukeratzea da kontua.

GEB. Pfffffff.

EHP. Beraz, esadazu: zer da arriskutsuagoa, gauzak modu mailakatuan zentrotik ikustea, ala periferiatik ikustea? Ikuskera bat gainditu behar izanez gero, zein da gainditu behar dena?

GEB. Katedra emateko modu nazkante samarra, zurea. Erantzuna galderan bertan ematea handiusteen ohiko sindromea da.

EHP. Badakit. Baina zure ahotik entzun nahi nuen.

GEB. Ba nire ahotik ez da halakorik irtengo. Total, zertan ari gara gu hemen; ezpainez bildutako hortz multzo bat besterik ez gara.

Teloia behera.

Aho biko aiztoa Aho biko aiztoa