2024-09-11
Agur bat merezi duenari
Pasa den urteko abuztuak gure aita eraman zuen, berriro ez itzultzeko asmoz gainera. Urte bat joan zaigu jadanik ordutik eta bidezkoa iruditzen zait hilabete honetako nire aletxoa berari eskaintzea, era batera edo bestera bera delako nik gaur aldizkari honetan gogoeta bat idazteko daukadan arduraren errudun nagusia.
Agur bat merezi duenari –
Ez dakit nire gurasoak zenbaterainoko bertsozaleak ziren beraien hiru semeak jaio bitartean. Esango nuke zale amorratuak akaso ez zirela, baina zeukaten zaletasun hori hiru semeei transmititu zieten, horregatik dituzte hiru seme bertsolari gaur egun behintzat. Bertsoak betidanik lotu izan nau aitaren ondora. Gaztetan futbola, bertsoa, musika… eskolaz kanpoko ekintzen zerrenda luzea geneukan hiru anaion artean eta ez gara sekula autobusa asko hartzekoak izan, gurasoek eramaten gintuzten aisialdiko gure ekintza horietara. Ausartuko nintzateke esatera, futboletik, musika eskolako entseguetatik eta ingelesa ikasteko geneuzkan klaseetatik ahal zutenean libratzen saiatzen zirela. Ez zen berdina gertatzen ekintzak bertsoarekin zerikusia zuenean, hamaika urterekin abestuko nuen lehenengoz plazan, anai nagusia izanik, ni izan nintzen anaietan estreinatu zen lehenengoa. Ordutik hona, gutxik entzungo zituzten gure gurasoek baino bertso saio gehiago, alde guztietara etorri ohi ziren gu ikustera, baita semeak helduagoak egin zaizkienean ere. Azken urtean bertsotan egin behar izan dudanean amak lagundu dit plaza askotara, orduan ohartzen gara biok entzuleen aulkietan hutsune bat nabaritzen dugula, amak bere ondoan eta nik oholtza parean.
Bertsoak aitarengana lotzen nauela aipatu dizuet, idazteko joera handia zuen gure aitak, ondo idaztekoa gainera. Sortzeko gaitasun handia zuen gizona zen, hori bizi zen artean ere banekien, baina, behin gurekin ez daukagunean aurkitu dugu berak idatzitako poema askoren bilduma. Ongi gordeta zeukan etxeko tokirik agerikoenean, inork sekula begiratzen ez duen toki horretan. Askotan irakurri ditugu azken urtean aitak idatzitako poema horiek, baita malko ugari isuri ere bere koaderno zaharraren gainean, ederrak dira.
Suposatzen dut inor ez dela prest egoten hainbeste maite duen pertsona bat behin betiko agurtzeko. Nire kasuan, ez dakit zer izan zen, akaso ez nengoen prest, ezustean harrapatu ninduen beharbada edo zuzenean ez nuen agur esan behar nioenean agurtzen asmatu. Bizitzak kasualitateak badituela pentsatzen dut nik eta kasualitatez, aitaren heriotza eguna eta aita hil zeneko egunaren urteurrena aireportuan igarotzea tokatu zait niri. Bere momentuan agur esaten asmatu ez nuenez, askotan esan diot agur hil eta gero, askotan pentsatu dut nola agurtu beharko nukeen, zuekin partekatuko dudana horietako bat besterik ez da:
Nire buruan hiru dei dira
-Etorri azkar
-Ez zara iristen
-Ez zara iritsi
Errazagoa zen dena, Cerdeñan, hondartzan, itsasoari begira
Ondoren gertatutakoak ez dakizkizu, total, orduko zerbait gaur baldin banu sikira
Atzo ospatu genuen, zure egunez, eguzkiari emango zenion 61. bira
60 betetzea helburu duenak bezala, hurrengo egunean nekatuta esan zenuen aski da
Gertukoen bizitza aldatzen den arren, gehiengoarenak aurrera jarraitzen du eta moldatu behar, tira
Egon lasai, emango diogu zuk irakatsiari segida
Txakurrak ez dizu zaunka egingo inoiz bisitan bueltatzen bazara zure baserrira
Bitartean, patxo haundi bat zauden tokira
Zuei ez dakit, berari gustatuko zaiolakoan hemen amaitzen da hilabete honetako nire tartea.