2016-05-01
Agorafobia
Agorafobia –
Txikitan hondartzan nengoela jakin nuen klaustrofobikoa nintzela. Nebak harean zulo bat egin, bertan sartzeko esan eta barruan nengoela leporaino tapatu ninduenean. Handik hamar urtera ohartu nintzen, ordea, agorafobiarenaz. Agorak Greziako polisetan zeunden plazak ziren eta beroriek ziren komertzio, politika eta kulturaren zentro. Zentroa.
15 urterekin egon nintzen nire lehenengo agoran, lehenengo plazan. BBK sariketa genuen eta haraxe “bota” ninduten, nola gladiadoreak lehoietara. Agoraren erdira. Gogoan dut listurik ere ez nuela ahoan; hankek dar-dar egiten zidatela; eta, normala denez, ez dut bertan botatako bertsorik gogoan. Ez dakit zergatik segitu nuen bertsotan, egia esan. Halako trago txarrak pasatzen jarraitu nuen hurrengo aldietan plazara ateratzen nintzen bakoitzean. Bertsotan egitea gustatzen zitzaidan, bertso eskolan genuen giroa ere bai; baina plazara, zentrora, ateratzea suplizioa zen. Eta, hala ere, bertsotan segitu nuen. Masokismo puntu bat izango nuen-edo. Baina ez da beti horrela gertatzen. Bertso eskolan hasi nintzenean, nire adin bueltako hiru kide gehiago nituen. Bi neska eta mutil bat. Handik gutxira neskek bertso eskola utzi zuten. Ez dut uste jendaurrean saiorik egitera ailegatu zirenik ere. Eta ez zen bertsotarako maila onik ez zutelako.
Adin hori konplikatua da. Hori egia da. Konplejuak, besteek zer esango duten, epaitua izatearen beldurra, autoexijentzia.. Nork nahi du adin horretan zentroan egon, gainerakoek hatz lodia gorantz edo beherantz jarriko zain? Are gehiago neska izanda. Badirudi mutilek errazagoa dutela plazarako pausua ematea, bidea eginago dutela. Akatsa errazago barkatuko lieketela bai bere buruek eta baita bere inguruak ere. Agian, zentroan egotera ohituagoak daudelako.
Amaitzeko, datu bat. Aurten Bizkaiko txapelketan aurrekoan baino emakume gutxiagok eman du izena. Ez da, ba, agorafobia emakumeei bakarrik eragiten dien gaixotasun horietakoa izango? Ezetz esango nuke, eta, beraz, denon artean soluzioa topatu beharko genioke gaitzari. Eta gure neska gaztetxoak zaintzen hasi eta agorak eurenak ere badirela sentiaraziko bagenie?