Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-11-22

Adin Nadin

Adin Nadin –

Adin-adin proiektuari esker zahar egoitzetan abesteko aukera daukagu urtean behin; hormaz bestalde geratzen zaigun mundu oso horrekin komunikatzeko aukera ederra dena, bertsolariontzat. Ez baitugu aparteko mundutzat ulertzen, baina praktikan aparte baitauzkagu. Eta zer esanik ez, gotortuta izan dituen izurrite honen ondoren. Iaz ez zen saiorik izan, ia bisitarik eta bestelako ekimenik izan ez zuten bezala.

 

Adin Nadin
Arg: XDZ

 

Proiektuaren helburua “adineko pertsonen gaitasuna sustatzea da, adinekoen bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz”. Eta proba pilotuak baieztatu zuen hori, ezbairik gabe (Bertsolari aldizkariak aurtengo udako zenbakian ekarri zuen erreportaje bat saio hauei buruz). Hargatik da poz izugarria, aurten berriz ere itzuli ahal izatea, eta traba protokolarioez gaindi aurpegi berak ikustea. Aurpegi berak bai; ez, ordea, berdin.

Ia bisitarik gabeko urtea pasatu dute. Orain, bisitak ordutegi finkoan dituzte (esaterako, bertso saioaren orduan bisita baduzu, aukeratu egin behar duzu bisitara joan ala saioa entzun). Burbuilatan sakabanatuta egon dira. Eta batez ere, nekatuta daude. Denontzat ari da gogorra izaten, baina eurentzat ere oso gogorra doa. Urte t’erdi baino gauza gehiago pasa dira eurentzat tarte honetan.

Kontua da, saio bereziak izaten direla, eraiki beharreko komunikazioak arau propioak dituela, eta batzuetan eraikitze hutsean xahutzen direla indarrak. Baina hala ere, merezi du, noski. Askotan, entzumen arazoek zailtzen dute, beste batzuetan, gaitasun kognitiboak daude mugatuta … baina tarteka, heltzen dira erreakzio txikiak, begi-pizte bat, buru-makur dagoenaren belarri aldera doan ezpain ertza … eta mahai gainera igota txalotu balute beste balio du.

Bageneukan egoitzetara itzultzeko gogoa, eurei kantatzekoa. Baxu sumatu ditugu asko, eta hori gogorra da. Baina beste askok saioa gozatu egin dute, bat edo bestek buruz zekien bertsoren bat bota du, elkarrekin euren gustuko abestiren bat kantatu dugu. Ederra da une hori, motza eta murritza izanagatik. Akaso ez dagokigu, hori baino.

Bertso saio guztietan daude potolokeria handiak soberan, baina hemen nabarmen geratzen zaizkizu esan aurretik. Adierazi nahi zeniekeena ahoz gora esaten irudikatzen duzu zure burua: “eutsi goiari”, “gora bihotzak”, “ondo segi”, “hurrengoan gehiago”… eta lotsatu egiten zara, benetan opa diezun arren ez daukalako zentzurik hori esateak. Esaten delako errazen, eta goiari ez beste ezeri eusteko ezina dutelako askok, bihotzak triste dituztelako, ondo baino, segitzea bera nahiko lan dutelako eta hurrengoan izango delako gehiago, baina agian ez eurentzat.

Adinari aurrez aurre begiratzen diozu, eta beste edozein saiok adina (edo gehiago) balio du. Ni behartu egiten nau, jabetu nadin eta lagungarri zait adin nadin.

Adin Nadin Adin Nadin