Ane Labaka
Ane Labaka

2016-11-02

Adin adin

Adin adin

Doinua: Etaren su etenetik

 

1. Behin gainditu nuenetik
bertso-eskolako hesia
saioz saio ibiltzea
dut aukera onetsia,
homogeneotasuna,
aniztasun gabezia
urruti dauzkagu, gertu,
abentura, frenesia…
Plaza bat izan daiteke
besteen antitesia
nahiz kasu guztietara
egokitu berez ia
denen artean bada bat
niretzako berezia.

 

2. Asteazken arratsaldez
bertsoz betez Zorroaga
bukatutakoan andre
ba hurbildu zen oholtzara;
“Zerbait esan nahi nizuke…”
-Dizdiratsu begirada-
“lehen beti joaten nintzen
ni bertso-saioetara
orain egoitza hontatik
ezin naiz atera jada…”
Hunkituta nengoela
hauxe esan nion hara;
“lehen zu joaten zinen
orain gu etortzen gara”.

 

3. Gurpildun aulkian preso,
zulatuta tinpanoa,
ordubete batez ahaztuz
mindutako organoa…
Irakurtzeko erreza
denez keinuen planoa
ezpain zimurren irria,
zorionaren gramoa
jaso eta ematea
da ariketa sanoa
bertso bidez hustu naiz ta
etxera beteta noa;
truke gutxi izango da
hau den bezain humanoa.

Informazio gehiago Irutxuloko Hitzan.