Abrakadabra –

Norbaitek galdetuz gero, nik ez dut halakorik esan, baina amorru (inbidia) pixka bat ematen dit bertso-sorta/bertsoaldi/ez dakit nork ez dakit noiz botatako asko dakizkien jendeak. Eta amorru (inbidia) hori areagotu egiten da jakintza erakustaldiaren atzetik “gurasoak oso bertsozaleak ziren” edota “autoa hartzen genuen aldiro bertsoak entzuten genituen” bezalako esaldi bat datorrenean.
Gurean ez zen horrelakorik. Auto bidaietan entzuten genuena era guztiz dikotomikoan sailka daiteke: edo ABBA edo Ken Zazpi. Urtarrilak 13 ostirala Dancing Queen eta Mundakako portuan Lay All Your Love On Me. Kontua da Eñaut Elorrietari argi eta garbi ulertzen niola, baina ABBA deruas samingder datnait destars arbrai Fernando handi bat zen. Ingelesa, alegia.
Hala, melodia polit haiek hutsik gera ez zitezen, Mamma mia here I go again ordez Mamma mia gaude kotxean abesten hasi nintzen, eta My, my, how can I resist you? beharrean My, my ez gaude etxean. Badakit, badakit, ez da munduko bertsiorik onena; uler nezakeen bat bai, ordea.
Eta, halako batean, abbrakadabra! Bertsio, berts(i)o, bertso. Eskola, bertsoeskola, eskolarteko. Lagunak, bertsolagunak, superbertsolagunak. Pin, pan, pun. Bertsiolari, berts(i)olari, bertsolari.
Esan nahi dudana zera da, tradizioa ezagutzea garrantzitsua den arren, ez duela zertan hasiera-hasieratik izan behar. Lehen Hezkuntzan bereziki, lagun asko ikusi nituen bertsolaritzari “aspergarria” etiketa jartzen ostiral arratsalde batean Markesaren alabaren bertsoak buruz ikasarazi zizkigutenean. Horren euskaldun/euskalzaleak ez diren guneetan gainera (Gasteizen nire kasuan), benetan erronka zaila izan daiteke bertsolaritzarekiko lotura hori eraikitzea.
Horregatik, ikas dezatela umeek errimatzen eta hitzarekin gozatzen lehenik, eta tradizioa etorriko da gero dagokion dosian. Markes baten alaba mariñeruarekin beharrean Fernandoz maitemindu zela usteko dute agian, baina bertsotan ariko dira.
Eta hori bide zuzena ez dela dioen garbizaleari, Does Your Mother Know?