2016-08-13
Abortu bat izan dut
Abortu bat izan dut –
Izan ditudan azken hamar bertso saiotatik bederatzitan jarri didate gairen bat ama izatearekin erlazionatutakoa, hori nire patua balitz bezala. Hurbileko gai-jartzaile bati galdetu nion ea zergatik jarri zidan niri gai hura, eta: “adin kontua, badakizu” erantzun zidan. Alta, azken hamar saio horietako batean ere ez diote nire adinkide gizonezko bati ere horrelakorik ipini. Ezta hurrik eman ere.
Baina hori ez da bertso saioetako kontua bakarrik. Behin eta berriro “Eta zu noizko?” galdetzen didate kaletik (koadrilako Ibairi ez bezala) lagun ama izan berriarekin noanean. Amorratu egiten nau galderak. Zergatik ni noizko? Noiz X egun hori derrigorrez emakume guztioi iritsi behar zaigu ala? Eta nor da kaleko jendea nire bizitzako erabakietan sartzeko? Hain natural jotzen da, hain bizitzaren zikloaren parte, hain gure. Horregatik ez zaio inori begitantzen, agian, galdera ezegokia egiten ari denik.
Egunen batean, bateren bati hau erantzungo diot: “ba ez dakit noizko, izan ere, abortu bat izan dut aste honetan”, edo “urtebete daramat saiatzen, baina ezinean nabil”, edo beste hau “ba obarioak kendu behar izan dizkidate eta ezingo dut ama izan”. Ezetz berriro otu horrelakorik galdetzea.