Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2024-12-02

Abendua

Abendua –

Abendua
Arg: Berako Udala

Abendua da Andra Mari zuriaren plazan… eta Gasteizera baino nire buruak nostalgiara egiten du salto Mikel Urdangarinen abesti ederrarekin. Ez dira preseski negu parteko oroitzapenak burura datorzkidanak; bertso-udalekuetako gaubela bat, gitarra erdi-desafinatu bat eta nekeaz gain ilusioak kabitzen diren bi begi zulo. Baina denak azkarregi doaz, eta ohartzerako abestiaren doinuak ez ezik jada martxan dauden gabonetako argiek eta txamarra jartzeko sentitu dudan sentsazio hozberak iragarri didate baietz, hemen dela abendua berriro ere.

Gehienbat txapelketaren forman irentsi dugu bertsoa udazken honetan, ezta? Eta hau oraindik ez da amaitu… abenduak ere antzerako itxura dauka. Baditugu hor hitzordu batzuk egutegian aspaldian azpimarratuak. Lehendik ere aipatu izan dut pertsonalki ez naizela txapelketa zalea, baina duen oihartzunari alde onak ikustea ez dago batere gaizki. Maite dut hazitako haur izu horien mendekatzeko gogoa; eskerrak aingeruak badirela gurean, zinez bejondeiela.

Bertze baten askatasunak deseroso sentiarazten dituen guzti horiek hausnartu beharko lukete ea egoera bertzelakoa litzatekeen “nik eman izan banizu zuk behar duzun bakea”. Ez dakit, akaso ez legoke hainbertzeko mendeku goserik. Baina zenbaitek nahiago du haserretu, eta horrela, gose hori elikatu. Ulertzen dut bertso mundua ez dela gizartetik at dagoen burbuila bat; are, bertako mugimendu bat dela geurea. Mantso-mantso datozela aldaketak. Entzuidazu maitea… mantsoegi.

Baina tabernako leihotik ikusten da mundua eta abenduak ere ekarriko ditu opari ederrak. Hartzea ematea den ezkero, Durangoko Azoka izanen dugu protagonista hilaren hasieran. Euskal kulturan mugarria den leku horietako bat da Durango, balio sinboliko izugarrizkoa eta talde-identitatea sendotzeko balio duena. Bakoitzak bere errituak ditu bertara joatean, eta ez naiz hasiko horien inguruko nire hipotesiak aipatzen. Kontuak kontu, badirudi topatu nahi duzuna egonen dela bertan, denetik baitago Durangoko Azokan. Hori bai, badaezpada azken gogorapen bat. Oroitu ezazue ezetz; atzerako biderik ez daukatela salgai bizitzaren azokan.

Abenduko protagonista nagusiak, hala ere, gabonak izaten dira. Esaten dute uda iragan ostean baretu ohi direla bihotzak, eta gabonetan kontrakoa dirudi batzuetan. Bertze baterako utziko dugu gai hori. Abendua bere on eta bere txar, hemen dugu. Badator, eta etorri gisan joanen da. Gu ere erruz gogortzen gaituzte haizeak eta hotzak, baina pasako da negua.

Abendua