Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-02-12

2025ak dakarrena, edo ekar dezakena

Urte berriak ekarriko al du bertsolaritzaren ekosistema deitzen diogun honetan ezer berririk? Ekarriko al du aldaketarik? Gertatuko al dira “gauzak”? Auskalo!

2025ak dakarrena –

2025ak dakarrena
Arg: Aramaioko Udala

2025. urtera sartu orduko behin baino gehiagotan entzun dugu: “Kontxo! Aurten da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, ezta? Hasi beharko duzue prestaketetan…” Gauza bera gertatuko zaie bizkaitarrei eta Ipar Euskal Herriko bertsolariei. Txapelketek markatzen dituzte urteak, urteek txapelketak markatzen dituzen heinean. Normala da, herrialde oso bat dantza jartzen duten ekimen handiak izan ohi dira: bertsolari berriak ezagun egiten dira, bertsolariek buru-belarri ekiten diote hobekuntza nahiari, txapelduna nor izango denaren morboak denok jaten gaitu, “hau eta hura” gertatu izanari buruz hitz egiten dugu saioetara bidean…

Eta bai, txapelketak garrantzia handia dute gaur-gaurkoz bertsogintzan. Indar handia ematen diote bertsolaritzaren ikusgarritasunari, lehia gustatzen zaigu (kontrakoa esango dugun arren) eta diru-iturri ere badira Elkartearentzat. Halere, itxaropena dut urte berriak txapelketez gaindiko gauza asko emango dizkigula. Nik behintzat, horregatik ekin diot ilusio handiz urteari. Plaza berriak, bertsokide berriak, leku berriak eta esperientzia berriak ezagutzeko aukera eman dit bertsolaritzak, eta etengabeko deskubrimendu horrek dibertitzen nau. Hasierako urteok horregatik dira ederrak, nire ustez. Halere, ez dut uste bertsolaria inoiz irits litekeenik dena bizita duela sentitzera, ez dakit. Zaila da txapelketa bakoitzari aurrekoarekiko guztizko kolore aldaketa ematea, ez dut uste gai garenik. Egitura zurrun horrek gauzak antzeko egitera eramaten gaitu. Plaza, beti da ezberdina eta beti da berezia, deskubrimendu bat.

Gogoz nago otorduetan jende berriarekin elkarrizketak trukatzeko. Gogoz nago gutxi kantatu dudan bertsolariekin saioetara autoan batera joateko. Gogoa dut nire buruari erronka txikiak jartzeko. Gogoz nago izaera eta inguru ezberdina duten bertsolariengandik ikasteko. Bai, gogoz nago txapelketarako ere. Gogoz nago bertso eskolakoekin momentu ederrak pasatzeko. Gogoz nago eta gogoa baino lagun hoberik ez da bertsotarako!

2025ak dakarrena