2024-02-19
11 eskale
Gurean indartsuenak gabon egunekoa eta Santa Agedaren aitzakia badira ere, forma askotan agertzen da etxez etxeko eskearen ohitura: puska biltzea, gibel-jana, oilasko biltzea. Itxuraz, jatorria neguaren gogorrari aurre egiteko asmoan izango zuen, baserrietako kontserben usainean aldaba joka abiatzen zirenentzat. Nabarmena da gisa honetako errituak inguratzen dituen testuinguru erlijiosoa ere.
11 eskale –
Gogoan dut nola ume koskorrak ginenean, ikastetxean (gu monjetakoak izan) Domund misioetarako sobreak ematen zizkiguten. Orduan apenas jabetzen ginen besteren borondatea biltzearen kontzeptuaz. Baina laster, ingeleseko akademiara joango ginen, eta han bai, han esplikatu ziguten nola esaten zaion puska biltzeari ingelesez: “trick or treat”. Trukoa edo tratua. Haloween festak orain adinako indarrik ez zeukan arren, ulertu genuen dohaintzena ez zela sistema txarra patrika gozokiz betetzeko.
Ofizioetarako gai tipikoa da denda baten ateko eskalearena. Neuri ez zait Ametsen hura baino egokiagorik bururatzen: “Hezur ta eskeletua, kalera eskaletua…”
Baserritarrez ordea, beharrik gabeko eskaleak bakarrik janzten dira.
Luzaroan jardun behar izaten denez, luzean baino motzean hobe, koplatan beraz. Doinuak ere berariazko okasiorako gordetzen dira. Egunaren amaierarako sintonia horren gogaikarri izaten da, urte guztirako betoa ezartzen baitzaio. Hitz ikasizko abestiak ere kanta daitezke, baina bat bateko bertso/koplek beste xarma bat dute. Horregatik izaten dute estimazioa egun zehatz hauetan bai bertsolariek, bai eta soinujoleek ere
Bertsolari beterano bati entzuten nion, nola behin bera baino beteranoagoa zen batekin osatu zuen egun guztirako bikotea. Hasieran eredutzat bazuen ere, egundoko desilusioa eragin omen zion, ikusi zuenean kantu kide ospetsuak kopla berdinak errepikatzen zituela behin eta berriz atari guztietan.
Ohiturazko juntadizo guztietan errepikatzen da aurreko urteetako edizioei errepasoa ematea. Lehen aldi hura eta zenbat urte ordutik. Kontatuaren kontatuz, azkenerako geuk bizi izan bagenitu bezalaxe oroitzen ditugu anekdotak: arropak garbitzeko putzua izoztu eta gainean ibili zirenekoa, sorotik arbi ondoak atera eta futbolean jardundakoa, diruaren poltsa sasi artean galdu omen zitzaiena, txakurrari trikitia jotzen erakutsi ziotenekoa. Tradizionalagoak gara plantan ibileran baino. Lehenago oinez egundoko bide sailak pasatzen omen zituzten, eta gu berriz, azkenerako 410 zaldi potentziadun PickUp amerikar batekin agertzen gintzaizkien mandiora.
Etxe bakoitzeko borondatea misterio bat denez, estimatu beharrak mahai jira aldrebesak eragin ditzake. Esate baterako, baserri batean txokolate beroa eskaini diezagukete, eta hurrengoan txakolina txotxetik ireki. Izan ere, zenbaitek gaizki sentiarazteko besteko adeitasuna du: gizon batek, adibidez, beti sukaldeko atea zabalik eta patata tortila mahaira aterata izaten zituen gu iristerako. Urte batean, ia barkamen eske hasi zitzaigun, etxeko oiloek nahikoa arrautza ez eta tortila dendan erositakoekin prestatu zigulako.
Santa eskeari bagatozkio, letrek usadiozko eguna otsailaren 4a dela iradokitzen dute, bezperan alegia. Gaurko bizimoduekin, aste egun buruzuria suertatzen denetan, zaila da kuadrilla osatzea. Ondorioz, leku gehienetan hitzordua aurreko larunbatera pasatzen da, soldatapeko lanarekin bateragarriagoa izan dadin. Ereduak ere askotarikoak izan daitezke: leku batzuetan horditutako helduen libertimenduak du garrantzia, eta beste batzuetan berriz haur txikidun gurasoak ibiltzen dira abestien letrak inprimatuta. Tradizioa deskafeinatua.
Zaila da esaten ohiturei egoskorrean eusteak, edo moldatu beharrez nolanahi itxuraldatzeak ematen ote dituen emaitza hobeak. Garbi dagoena da eskean ibiltzeko eskean ibiltzea triste samarra dela.
Egiteko gauzarik errazena ere uztea errazago da. Eta zoritxarrez, azken urteetan izurritea dela bide, doi-doi eusten zioten ohitura andana amildu dira. Gure Santa eskea bat, askoren artean. Horren karietara, adineko bi emakumeren elkarrizketa iritsi zitzaidan: “Ba nik egundoko pena hartzen dinat aurten Santa eskerik ez egiteagatik. Gure aita zena eta ibiltzen itunan bezala…hainbeste gustatzen zitzaienan”. Besteak erantzun: “A bai? Niri ez zidan batere penarik eman. Nik 50 euro aurreztu ditinat”